Azken urteotan udazkenean, azaroan, loratzen da kultura gurean, Udala eta Kultur Taldearen elkarlanari esker. Aurten, gainera, hilabete honen edertasuna areagotuko duten beste mota batzuetako hainbat ekitaldi antolatu dira, Umore Onaren festa eta herri kiroletako Euskal Herriko bi txapelketa, esate baterako.
Kultura
Urriaren 30ean hasi eta lehengo igandera arte Labaderoan ikusgai egon zen arte erakusketak herritar askoren bisita jaso zuen. Kuko, Tinko eta Bolenwaiderren emanaldiak, berriz, ikuslez bete zuen Ganbara lehengo larunbatean.
Hilaren azken astebururako ere badaude iragarrita kultur ekitaldiak (27an, ostirala, Xalto Eguna eginen da eskolan eta 28an, Nafarroako Bertsolari Gazteen Arteko Xalto Saria), baina hauen berri hurrengo alean emanen dugu luze eta zabal.
Umore Ona Elkartearen Eguna
Garai batean ohitura zena berreskuratuz, bere atal ezberdinen eguna antolatu du Umore Ona elkarteak hurrengo larunbaterako, hilak 21.
Pilota partidak, duela 15 urteko eta gaur egungo ekipoen arteko futbito partida, eta dantza taldearen emanaldia izanen dira arratsaldean zehar beheko frontoian. Aipatu gabeko atalak, koruak, alegia, elkartean eskainiko du bere emanalditxoa. Hantxe afalduko dute guztiek, hain zuzen, Umore Onaren atalen egunari bukaera emanez horrela.
Herri Kirolak
Biharamunean, hilaren 22an, Euskal Herriko bi txapelketen finalak jokatuko dira herrian: hirugarren mailako aizkolariena alde batetik, eta txinga-eramaileena bestetik (emakumezkoak). Goiko frontoian burutuko da jaialdia 12:30ean hasita.
Feria Eguneko bazkaria
Feria Egunaz, azaroaren 28a, hurrengo alean idatziko dugu, baina orduko herri bazkariari buruzko berriak ailegatu zaizkigu dagoeneko. Sakramentuz ongi hornitutako baberna gorriak eta frontoi atarian bertan erretako zokorrak osatuko dute menua. Txartelak salgai daude Amaiarenean (948 514242).