Lehengo ostiralean udalbatzak hartutako akordioaren arabera, Lubineko frontoia konponduko dute ondorengo hilabetetan, 221.786 euroko aurrekontuko obrarekin.
Zura eta galbanizatutako altzairuzko txapaz estaliko da. Zola ere, kantxa alegia, berria izanen du, kuarzoz aberastutako ormigoizkoa. Frontisa eta ezker pareta berriz, berdez pintatuko dira egin beharreko konponketak egindakoan. Dutxak eta komuna gaur egun komuna bakarrik dagoen lekuan eginen dira. Gainerako guztia, kanpo eta barrena, dotore apaintzeko asmoa da, eta orain irekita dauden erreboteko leihoetan kristala paratuko da.
Apirilaren bukaerarako aterako du Udalak lehiaketara obra hau. Hartzen duenak sei hilabeteko epea izanen du lanak bukatzeko. Iruñak dirulaguntza ukatu duenez, herriak hartu beharko du bere gain aipatutako aurrekontu osoa.
Frontoia berritzeko kontuekin dabiltzan bitartean, herriko pilotariak zapelak lortzen ari dira nonahi. Azkeneko hilabetetakoak bakarrik aipatuz eta denok gogoan edukiko duten Aimarrek lortutakoaz gain, Laudio eta Lezamako torneoak eskuratu ditu Jon Apezetxeak eta Mungiakoa Mikel Eskuderok. Lehengo larunbatean ere, beste zapel bat herriratuko zen, Jon Apezetxea eta Jon Narbartek jokatzen baitzuten Euskal Herriko jubenil onenak bildu dituen Antiguoko lau terdiko txapelketaren finala. Aipagarria, baita ere, larunbat honetan, hilak 2, Umore Onak eta Huartek Urnietan jokatuko duten Berria txapelketaren finalerdia.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!