Jon Apezetxea goizuetarrak 17 urte bete zituen apirilaren 12an. Aste pare bat beranduago, pilotan jokatuz eskuratu duen hogeita hamargarren txapela bururatu zuen. Irurtzungo Diaz de Ultzurrun gibelean lagun zuela, GRAVN txapelketa garrantzitsuaren finala irabazi zuten Bizkaiaren kontra: «Garaipen nahiko erraza izan zen, 22-1, atzean lagun ona nuen eta!». 30. txapela buruan frexko baldin badu ere, lehenbizikoa ez du hain garbi goizuetarrak: «Ez dakit Ordizian edo Errenterian izan zen, 8-9 urterekin». Geroztik irabazi dituenen artean, GRAVNeko azken honetaz gain, Elgetako lau terdiko txapelketa gordetzen du Apezetxeak bereziki gogoan. Hain zuzen, lau terdiaren barrenean moldatzen da hobekien aurrelari fin hau. «Gustoren lau terdian aritzen naiz –dio– eta binaka ere dexente moldatzen naiz, orain mano-mano frontoi osoan aritzea gehiago kostatzen zait. Indar gutxi xamar daukat oraindik eta lau terdian teknikaren eta manejuaren bitartez moldatzen naiz. Tantua bukatzeko errextasuna dut eta momentu honetan konfidantzarekin nago gainera. Kantxa osoan, aldiz, indar gehiago behar da. Donostian gimnasio batean ari naiz lanean hankak indartzeko eta gorputza egiteko».
Aspe enpresako teknikariekin entrenatzen du astean behin
Profesionalen artean miresten dituen pilotariei buruz galdetzerakoan ez du urrun begiratzen Apezetxeak: «Herritarrak, hi! Batez ere, Aimar asko gustatzen zait, beti berekin ibiltzen naiz eta pilotari konpletoa da. Baina Asierrek daukan garrote berezia ere izugarri gustatzen zait, beste inork ez du hori». Profesionaletan ari direnaz gain, bere adintsuko pilotari ugari daude Goizueta bezalako herri txiki batean. Zergatik ote den galdetutakoan Jonek erdi txantxetan zera dio: «Jendeak esaten dik urarena ote den!». Serioxeagoa hasten denean aldiz, «hiru frontoi zeudek herrian eta ume denak beti hor sartuak daude. Futbol-ekiporik ez dago eta!». Beretzat profesionaletan debutatzea oraindik ametsa baldin bada ere, dagoeneko Asperekin entrenatzen du astean behin. «Deus firmatu gabe, beraiekin entrenatzea ongi datorkit, pilotari egiteko. Nere gisara ere asko entrenatzen dut herrian, Narbarte, Loiarte, Aimar, Asierrekin…».
Final erdietan sartu den buruz buruko txapelketan ez du faborito argirik: «Aimar joko nuke faborito, momentu politean dago, baina Irujo ere kontuan hartu behar da!».