Jon Apezetxea aurrelari goizuetarrak urtarrilaren 30ean eginen du debuta profesionaletan Tolosako Beotibar pilotalekuan, bigarren mailako eskuz binakako txapelketaren barrenean. 17 urte ditu (18 beteko ditu apirilaren 12an) eta profesionaletan hasten den pilotari gazteenetakoa da, Beloki, Olaizola II edo Bengoetxea VI.ak, adibidez, 18 urterekin estreinatu baitziren. Jon Apezetxeak Auxkinekin bikote eginen du Aspek antolatu duen bigarren mailako txapelketa honetan. Beraiekin batera, Josu Baleztena eratsundarra eta Galarza VI, Berasaluze IX eta Zubieta eta Iñaki Larralde lesakarra eta Arizmendi arituko dira. Ligaxka moduan jokatuko dute eta bi lehenbizikoen artean finalerdi moduko partida bat jokatuko dute. Partida hau irabazten duen bikoteak, Asegarcek antolatu duen Promozio Txapelketako irabazleen kontra arituko da.
Jon Apezetxeak adierazi duenez, «debutak berez ilusio handia egiten dit, nere ametsa betetzen delako. Baina gainera bigarren mailako txapelketa jokatu behar dut eta hori izugarria da. Eskertzekoa da enpresak nigan izan duen konfidantza, txapelketan sartzerakoan».