Etxalarko Iarmendi inguruko 21 uso ehiza postuen enkantea egin zen irailaren 6an, larunbat eguerdian Etxalarko Herriko Etxean. 32.155 eurotan eman ziren, hasierako prezioaren (33.545 euro) azpitik. Izan ere, bi izan ezik, denak hasierako prezioan eman ziren eta bi hutsean gelditu ziren.
Azken urteetan baino ehiztari gehixeago bildu arren, ez zen diru mugimendu handiegirik izan. 21 postuetatik 17 hasierako prezioan eman ziren, inolako hobetzerik gabe. 13. postua 30 tanto hobetu zen (300 euro gehiago) eta 19. postua 11 tanto hobetu zen (110 euro gehiago). Aldiz, 17. eta 18. postuak hutsean gelditu ziren eta inork ez zuen hasierako 900 euroak ere ordaindu. Posturik garestienak, zortzigarrena eta hamekagarrena, hasierako 3.205 eurotan eman ziren.
Aipatutako behin behineko esleipenei sesta ematen ahal zaie, irailaren 12ko eguerdia baino lehen eta egun horretan ematen diren postuak behin betirako izanen dira. Postuen aprobetxamendua abenduaren 13ra bitartekoa izanen da, bertze urteetan baino zerbait gehiago.