Uztailaren 3an egin zen batzarrean, Etxalarko udalbatzak onartu zuen Herriko Ostatuaren errentamendua Joseba Lopetegiri esleitzea urtean 5.300 euroren truke (BEZ barne), eta 600 euroko behin-behineko fidantzarekin.
Nahiz eta baldintza pleguan agertu ostatu-jatetxeak guttienez 6 egunez egon beharko lukeela irekita, azkenean udalbatzak ontzat eman zuen, aldeko 6 boto eta kontrako boto batekin, esleipendunak egin zuen proposamena. Proposamen horren arabera, ekainaren 1etik urte hondarrera asteko egun guztietan irekita egonen da ostatu-jatetxea, eta urte hasieratik maiatzaren 31 bitarte ortzegunetik igandera (biak barne). Aste Santuan ere aste osoa egonen da irekita.
Aipatzekoa da Herriko Ostatua itxita dagoela pasa den maiatzaren 31z geroztik eta bi deialdi hutsik gelditu ondotik, azkenean hirugarren deialdian 2 eskaintza hartu zituela udalak. Herriko Ostatua abuztuaren hasieran irekitzea aurreikusia dute.