Etxalarko inguruneaz eta mendiaz disfrutatzeko aukera izanen dute mendizaleek apirilaren 21ean. Altxata elkarteak antolatuta lehenengo mendi itzulia ospatuko da. Mendigoizaleek bi ibilaldi izanen dituzte aukeran: bata ttikia 23,5 kilometroko luzera eta 1290 metroko desnibelarekin eta bestea itzuli handia, ibiltari jaioagoentzat, 35 kilometroko luzera eta 1.668 metroko desnibelarekin. Batzuk, zein besteak goizeko 07:00etatik 08:00etarako tartean abiatuko dira herritik, Loita ingurutik igaro eta Azkuan barrena Mokorreko bordara iritsiko dira mendigoizaleak. Handik Baztanen bordara joanen dira eta ibilbidearen puntu honetan banatuko dira. Itzuli handia egiteko asmoa dutenek, Infernuko bordarantz joko dute, Urtsuko lepotik barrena pasa eta usategietatik herrira iristeko. Itzuli ttikia egin nahi dutenek berriz, Baztanen Bordatik Orizkira joan eta herrian amaituko dute ibilbidea.
Ibilaldian parte hartzeko izen ematea aldez aurretik egin liteke www.kirolprobak.com edo www.altxata.org helbideetan. Antolakuntza lana errazten duenez, bide hau erabiltzea eskertuko lukete antolatzaileek. Dena den, egunean bertan proba hasi aurretik, 06:00etatik 07:45ak arte ere apuntatu liteke. Federatuek 10 euro ordaindu beharko dituzte eta 12 euro federatuak ez direnek. Parte hartzaile bakoitzari dagokion txartela irteerako kontrol-postuan emanen zaio, hurrengo kontrol postuetan erakusteko. Proba amaitzen dutenean denek galtzerdi pare bat jasoko dute opari. Antolatzaileek osasun postuak jarriko dituzte bidean baina gogorarazi dute istripu edo ezbeharrik gertatzen baldin bada Altxata ez dela horren erantzule izanen eta parte hartzaileek ez dutela kalte ordainerako inolako eskubiderik. Gainera, ezinbestekoa bada, antolatzaileek ibilaldia edozein unetan eten ahal izanen dutela ere aipatu dute.