Etxalarko Itsaso eta Irune Elizagoienek, panderoa jo eta trikitiaren auspoa astintzen trebeak direla erakutsi dute bertze behin. Zaldibarren, abenduaren 3an jokatu zen Euskal Herriko Trikitilari Gazteen Txapelketan parte hartu eta emaitza bikaina lortu zuten. Lehenengo saria eskuratzeaz gain, bertze sari guztiak ere beraiek irabazi zituzten.
Arratsaldeko 17:30ean, Olazarko pilotalekuan jokatu zen txapelketaren XXI. edizioa. Euskal Herri osotik joandako zortzi bikote igo ziren oholtzara. Etxalarko ahizpek 136,1 puntu lortuta, lehenengo saria eskuratu zuten, bigarren postuan sailkatu zen bikoteak 128,2 puntu lortu zituen. Sari bereziak ere banatu zituzten eta Elizagoien ahizpek eskuratu zituzten guztiak: Bizkaiko trikitixa ondoen jo duten bikotearen saria eta fandangoa ondoen jo duten bikotearen saria. Pandero jole onenaren saria ere Irune Elizagoienek lortu zuen. Publiko artean herritarrei babesa ematera joandako etxalartar ugari zeuden.