«Krisiak badu zerikusia, baina larunbatetan ateratzeko ohitura galtzen ari da gazteria»

TTIPI TTAPA 2011ko urriaren 13a

Francis Urrutia, Lur dantzalekuaren atarian. Aitor Arotzena

Hasi berria da denboraldia Elizondoko Lur dantzalekuan eta karrikan bertzelako solasak aditu badira ere, kontzertuekin eta dantzalekuarekin segituko dute sasoi honetan. Francis Urrutia nagusiak aipatu digunez, «ez dakit nondik atera den buila hori, baina aur­ten berdin segituko dugu. Normalean irail erditsuan irekitzen dugu eta aur­ten mantsoago egin dugu, urriko lehen egunean. Egia da joan den denboraldia arras nekatuak akitu genuela, segitzeko gogo guttirekin, batez ere larunbat goizaldean egiten diren gehiegike­riekin, komunak denak hiru aldiz aldatu behar izan genituen, debalde paratzen dugun autobusarekin ere ez dugu karrerarik ateratzen eta orain biltzekoak gara, seguridadea paratu edo zerbait kobratu edo zer egin erabakitzeko. Gan den urtean bizpahiru aldiz foruzainei deitu behar izan zieten, jarlekuak hautsi, gauzak kanpora bota… Ez dakit zer gertatzen den, baina desastre bat da! Hezkuntza arazoa dela iruditzen zait».

Arazorik handienetakoa bat hori da, baina baita «jendea arras mantso eta pasatua» etortzen dela, Urrutiaren erranetan. «Ostatuekin 03:00etan itxiko zutela gelditu ginen, baina ordu horretan argia pizten dute, 03:30ean itxi eta jendea honat etorri orduko 04:00ak dira. Ordu horretan gehienak ordaindu gabe sartu nahi dute eta gan den urtean balantzea ezin eginez akitu genuen. Aurten segituko dugu proban, baina ez du gogorik ematen irekitzeko ere!».

 

Zortzigarren denboraldia

Lur aretoa 2004ko azaroaren 20ean ireki zen lehen aldiz, nagusiak aipatu digunez. «Oraino Bordatxo ere hor zen, baina ongi hasi ginen, lehenbiziko urtean ongi funtziona­tu zuen, ibili zen jendea eta kontzertuetan ere erantzuten zuen». Baina geroztik gauzak aldatu direla aipatu digu Francisek. «Larunbat arratsetan ateratzeko ohitura galtzen ari da gazteria, krisiak ere eragiten du, gazte aunitz langabezian dago… Orain 7-8 urte ez zen hainbertze Internet eta halako kontu». Langile aldetik, «egun potente batean 24 langile behar izaten ditugu eta normalean 15-16 lagun eta horien soldatak ere ordaindu behar dira, nahiz eta jende guti sartu».

Zazpi urte hauetan, dantzaleku eta kontzertu egunetaz gain, bertso txapelketaren finalak, kantu lehiaketak, pailazoen emanaldi eta bertze hainbat ekitaldiren lekuko izan da Lur aretoa .«Uste dut –dio Urrutiak– nahiko ongi portatu garela, euskal kulturarekin zerikusia duten ekitaldi horietan aretoa debalde uzten dugulako, deus kobratu gabe». Dantzalekuari dagokionez ere, Lurreko nagusiaren ustez, «Gipuzkoa eta Bizkaialdean erreferenteak gara, hemen izaten den euskal giroa ez dute han topatzen eta hori estimatzen dute, baina badirudi bertako jendeak ez duela hori kontuan hartzen». Bere garaian, talde ez hain ezagunen formatu ttikiko kontzertuekin ere apostu egin zuen Lur aretoak, eta bigarren solairuan doan egiten ziren. «Ortziraletan egiten genuen eta lehenbiziko urte erdian arras ongi joan zen, talde berriak mugitzen genituen, baina gero jendea ez etortzen hasi zen eta utzi genuen».

 

Kontzertu indartsuak

Kontuak kontu, hasiak dira denboraldi berriarekin eta kontzertu indartsuak ekartzen saia­tuko dira. «Urriaren 22an Zopilotes Chirriaos, garai bateko Huajoloteseko musikariekin eta gero azaroan Sutagarrek bere disko berria aurkeztuko du hemen, seguruenik Esne Beltza taldea ere etorriko da abenduaren 3an eta ekainean Komak suspenditu egin zuen eta berriz ere etorriko da, baina ez dakigu xuxen zein egunetan. Oraingoz horiek ditugu burutan, gero gerokoak». Bertze talde batzuekin mintzatzen ari dira, «baina oraino ez dugu deus bete. Beldurrarekin hasi gara, lehengo urtean nahiko mottel akitu genuelako… Tigres del Nortek mini-bira bat egitekoa du eta etorri nahi zuten Lurrera, baina ezin dugu ordaindu haiek eskatzen duten katxea, jendeak ez badu erantzuten eta guttiago! Arris­ku handia da! Gan den urtean alde guztietan bete egiten zuen Txarrena ekarri genuen 7.000 euro ordainduta eta 107 pertsona sartu ziren, pentsa ezazu zer kolpea hartu genuen! Eman buelta horreri!». Izan ere, kontzertu bat antolatzeak jendeak uste duena baino lan handiagoa dela aipatu digu Urrutiak: «Behar duzu mugitu, propaganda egin, karteleria, sarrerak bereizi Iruñera… eta gero!».

Francis Urrutiak aipatu digunez, «beti zabalik gaude proposamen berrietara, baina batzuetan ezinezkoak diren gauzak eskatzen dizkigute, burugabekoak: ‘ekartzu hau eta ekartzu hura’, baina ez da hain errexa, dena gostatzen da, baina halere iritzi guziak ongi hartzen ditugu».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun