Etxebizitza

«Bezero bakoitza bakarra da eta gure lanarekin kontent egotea nahi dugu»

Ttipi-Ttapa

Mikel Jaurena.

Mikel JAURENA DANBORIENA, Jaurena instalazio elektrikoak.

1981ean sortu zuten Beran Jaurena enpresa eta erreleboa etxean emanda, Mikel Jaurena Danboriena da orain enpresako arduraduna. «Energia sektoreko enpresa» direla erranez aurkeztu du Jaurena: «hori da gure indargunea. Gure lan jardunaren %80 elektrizitate lanekin lotua dago: argiztapen proiektuak, erreformak, domotika, energia berriztagarriak, telekomunikazioak... ».

Ez dira, ordea, horretan bakarrik ari: «neurrira egindako sukaldeak diseinatu eta muntatu eta etxetresna elektrikoak ere saltzen ditugu».

Zerbitzuaren kalitatean jarri nahi izan du azpimarra: «proiektu bat ez da soilik lana egitea, bezeroa une oro babestua eta entzuna sentitzea da. Bezeroari erantzun osoa, hurbila eta kalitatezkoa ematea da gure nahia». Sukaldea diseinatzeko orduan ere hori dute buruan: «sukaldea izaten da etxe aunitzen erdigunea eta txoko berezi hori maitasun handiz eraiki behar da». Diseinua, funtzionaltasuna eta kalitatea uztartzen dituzte beraien proiektuetan: «neurrira egiten diren lanak dira eta bezeroaren estilora egokitzen gara: linea moderno eta minimalistetatik hasi eta estilo klasikoetaraino. Kalitatezko altzariak dira eta punta-puntako teknologia baliatuta, bezeroen egunerokoan lagungarri izanen diren bitartekoak ere txertatzen ditugu proiektuetan». 

Urtetako esperientzia dute eta prozesu guztia zaintzen dute: «diseinutik hasi eta instalazio azkarra, zehatza eta garbia ziurtatuz. Zure ametsetako sukaldea eraikitzeko orduan, elkarrekin eginen dugu pauso bakoitza». 

Bezeroarekin hartu-emana

Horretarako, bezeroarekin hartu-emana zaintzea funtsezkoa da Jaurenaren ustez: «bezeroarekin elkartu eta lehenbiziko hartu-eman hori patxadaz egitea gustatzen zaigu.  Sukalde bat diseinatzerakoan baitan elektrizitate instalazio oso bat egiterakoan ere. Hainbat galdera planteatzen dizkiet eta gauza bakoitza non eta nola jarri nahi duten galdetu». Bigarren bilera batean zehazten dute gauza bakoitza non jarri behar den: «prozesuari behar duen denbora eskaintzea garrantzitsua da. Adibideak erakustea, aukera desberdinak planteatzea... iruditzen zait eskertzen dutela gure laguntza. Bezero bakoitza bakarra da eta gure lanarekin kontent egotea nahi dugu».

Argiaren erabilera

Jaurena zer den azaltzeko orduan, elektrizitate hitza aipatu du behin  eta berriz Mikel Jaurenak eta nabari da hori beraien proiektu guztietan.  Gaur egungo etxebizitzen diseinuan ere, badirudi argiztapenari geroz eta garrantzia gehiago ematen zaiola:  «mentalitatea aldatu dela uste dut. Garai batean, zenbat eta argi gehiago hobe izaten zen. Egongelako sabaia foku pila batekin genuen… Orain argia dekorazioko bertze elementu bat da. Zeharkako argiak erabiltzen dira eta goxotasuna eta lasaitasuna bilatzen da». Horren adibideak eman ditu: «fosak egiten dira, argia erabiltzen da elementuren bat nabarmentzeko...». Momentuko joeren araberakoa dela uste du: «Hemendik hamar urtera ez dago jakiterik zein izanen den eskaera. Orain etxean giro goxo hori lortzea da lehentasuna».

«Argindar eta energia hornidura fidagarri eta jasangarria bermatu eta bezeroren beharretara egokitu nahi dugu».

Etengabe ikasten

Sektore aldakorra da beraiena, «etengabe ikasten ari gara». Azken urteetan energia berriztagarrien inguruan «iraultza» gertatu dela ikusi du: «Gure helburu nagusia eta eguneroko konpromisoa argindar eta energia-hornidura fidagarri eta jasangarria bermatzea da eta bezero bakoitzaren beharretara egokitzea». 

Azkeneko urteetan dirulaguntzak tarteko, eguzki panelak jarri dituzte han eta hemen: «boom handia izan da. Orain dirulaguntzak akabatu dira eta bajatu da pixka bat eskaera». Jaurenak «energia berriztagarriak, etorkizuna» direla uste du eta bezeroei hori azaltzen eta erakusten saiatzen da: «Batzuk ulertzen dute energia aurrezteko bidea dela. Bertze batzuk ez dute sinesten. Nik etxean paratua dut eta fakturekin erakusten diet aurrezkia benetakoa dela. Saltzen dudan hori nire etxean ere badudala».  Pixkanaka «kontzientzia hartzen» ari garela uste du, «eta hobekien funtzionatzen duena hilabete bukaerako faktura izaten da. Jendea etortzen zaizu erranez, lehen pagatzen nituen 60 euro eta orain 40 euro». Argi du Jaurenak: «gure neurrian ahal badugu aurreztu hemendik edo handik, saiakera egin behar dugu». 

Zerbitzu integrala

Instalazio bat hutsetik egin, berritu edota konponketak ere egiten dituzte: «sektore bakoitzaren eskakizun teknikoetara egokitutako zerbitzu osoa eskaintzen dugu. Segurtasuna, eranginkortasuna eta indarrean dagoen araudia betetzea da gure helburua».

Ostalaritzan aritzen dira: «mantentze lanak, giro argiteria eta argiteria teknikoa, segurtasun araudietara egokitzea, eta sukalde industrialetarako koadro elektriko espezifikoen instalazioa... egiten ditugu». Etxebizitzetan ere hainbat zerbitzu eskaintzen dituzte: «Instalazio berriak, ziurtagiri elektrikoak, larrialdiko matxuren konponketa, mekanismoen aldaketa, LED argiteriaren optimizazioa eta oinarrizko domotika». Eta industria eta merkataritzan errendimendu handiko soluzio elektrikoak ere eskaintzen dituzte. Instalazioak egin eta telefonoa ere beti martxan dute: «24 orduz eskaintzen dugu zerbitzua».  

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun