Bortzirietako bortz herrietako Neguko Haur Txokoetan izena emateko epea idekita

Ttipi-Ttapa

Neguko goiz hotzak igarotzeko espazio bikainak Bortzirietako bortz herrietan.

Bortzirietako Mankomunitateko Berdintasun Zerbitzuak aurtengo Neguko Haur Txokoan izena emateko epea ideki dagoeneko. Azaroaren 26tik abenduaren 9ra egonen da zabalik izen ematea. 3 eta 12 urte bitarteko haurrak denbora librean jolas kritiko eta kooperatiboen bidez euskarazko aisialdi gune batez gozatzeko aukera izanen dute bertan, elkartasuna, parekidetasuna, aniztasuna eta parte hartzea oinarri izanik. Dindaia Fundazioaren Web gunean informazio gehiago eskuratzeko eta izen ematea egiteko aukera dago. 

Hurrengoak dira Haur Txokoak zabalik egonen diren data eta ordutegiak:

10:00etatik 13:00etara Bortzirietako herri guztietan.

  • Arantza, Igantzi, Bera eta Lesaka: abenduaren 28tik 31ra eta urtarrilaren 4tik 8ra.
  • Etxalar: abenduaren 28tik 3oera eta urtarrilaren 4tik 8ra.

8 haur beharko dira gutxienez, herri batean talde bat sortzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun