Etxebizitza

«Espezializatutako eskulana behar da eta gazteak animatu daitezela»

Ttipi-Ttapa

Lan faltarik ez dutela dio Vicente Seisdedosek, baina langile kualifikatuak falta direla aipatu du. 

Vicente SEISDEDOS CURTO, Joisa Tailerrak.

Vicente Seisdedosek duela 26 urte sortu zuen Lesakako Joisa Tailerrak enpresa.

Ikasketak bukatuta, «enpresa batetik bertzera» ibili zen Vicente Seisdedos Curto, «hilabete bat hemen, bertze hiru hilabete han...». Azkenean, enpresa batetik eskaintza hartu, eta hantxe hasi zuen ibilbide profesionala. Hasierako urte haiek bertzeentzat lanean pasatu zituen eta orduko oroitzapen onak ditu: «Eskolatik atera berria nintzen, hasiberria, baina maisu ona izan nuen. Orain hila da, baina estimu handia nion. Aunitz ikasi nuen berarekin: nola lan egin, trukoak, jendearekin nola jarri harremanetan... Hagitz eskertua nago».

«'Zergatik ez herritar arruntekin lan egitera dedikatu?' pentsatu nuen eta enpresa hala sortu nuen duela hogei bat urte».

Hantxe segitu zuen ondoko urteetan: «Gero eta lan gehiago sartu zen, eta enpresa indartsuetako mantentze lanetan gero eta ordu gehiago egiten hasi ginen». Baina aldi berean, hutsunea sumatu zuen Seisdedosek: «Herritarrak gauzak eginen ote genituen galdeka etortzen ziren, eta guk 'ez, orain ezin dugu' erantzuten genien». Orduantxe ikusi zuen bere enpresa sortzeko aukera: «Zergatik ez herritar horiekin lan egitera dedikatu? Lehengo nagusiek babesa erakutsi zidaten eta pausoa ematera animatu nintzen». Halaxe jaio zen Lesakako Joisa Tailerrak, Seisdedosek kontatu duenez, «duela hogeita sei urte».

26 urteko bidea

Bi hamarkada hauetan «sektorea aunitz aldatu» dela iruditzen zaio, eta bidean, «denetarik» ikusi duela onartu du: «Hasiera hartan, eskaera handituz joan zen, lan aunitz sartu zitzaidan eta enpresa ere handitu zen». Zehaztu duenez, «eraikuntzaren booma etorri zenean, goia jo genuen».

Baina txanponaren bertze aldea ere ezagutu zuen, krisiak eraikuntza astindu zuenean, Joisa enpresako jabeak ere sumatu baitzuen kolpea: «Goia bai, baina beheraldia ere etorri zen: langileak sobran, enpresek ez zuten ordaintzen... Jende ona nuen, familiarekin... eta gogorra izan zen hiruzpalau lagunekin gelditzea». Garai hura mugarria izan zela gehitu du: «Aldaketa ekarri zuen, beldur gehiago, jendea erretxinduagoa, lan egiteko bertze modua...». Eta hala, hasierako ideiari eustea erabaki zuen: «Hasieran nahi nuenarekin gelditu nintzen: karrikako jendearentzat lan eginez, bezero hurbilagokoekin».

Gaur egun, lau langile dira enpresan eta «ate automatikoak, eskailerak, barandak, balkoiak, hesiak...» egiten dituzte. «Bizpahiru enpresetan mantentze lanak egiten ere aritzen gara, baina beti herritarrek eskatutako lanetarako denbora hartzen dugu».

Lana bai, langileak falta

Lan faltarik ere ez dute: «Bada lana», dio. Baina «langile kualifikatuak falta», hortxe koxka; «jende profesionala behar dugu». Eta horren gibelean, gabezia ikusten du: «Gaztetxoak lan bila etortzen dira, baina uste dut hartzen duten prestakuntza ez dela lehen bezalakoa. Nik Makina erremintetako operadore eta doitzaile ikasketak egin nituen, eta goi mailako ziklo horrekin denetarik ikasten genuen, edozein arlotan lan egiteko oinarria: pneumatika, hidraulikoa, elektrizitatea... Nahiko osatuak ateratzen ginen, nahiz eta lanean gehiago ikasten den, bizitza eskola bat delako. Gaur egun, ordea, Lanbide Heziketako ikasketak espezializatuegiak dira, eta hagitz eremu zehatzetan zentratzen da. Eta, berez, enpresa aunitzek, batez ere ttikiek, eta tartean Joisak, prestakuntza transbertsalagoa eta askotarikoagoa duten profesionalak behar dituzte, gurean herritarrek aldiro gauza diferenteak eskatzen dituztelako; tokatzen ahal zaizu motor batentzat piñoi bat egin behar izatea edo ate automatiko bat programatu behar izatea. Uste dut ikasketak denetarik zerbait ikastera bideratuko beharko lituzketela. Arazo hori sektore aunitzetan pasatzen da».

«Lana hagitz polita da, aldakorra eta dinamikoa, eta hori da gehien gustatzen zaidana».

Horren harira, «gauzak aldatzen ez badira», sektorearen etorkizuna «beltz» ikusten du Seisdedosek: «Gurea bezalako enpresa ttikiak babesik gabe daude eta ikasketak ez badituzte enpresa ttikien beharretara egokitzen, akabo». Gaineratu duenez, «jendeak ingeniaritzak, arkitektura, medikuntza... halako ikasketak egin nahi ditu eta bertzelako ofizioak ikasteko gazteak falta dira». Hala ere, kontent da «azken aldian, Lanbide Heziketaren bidea gero eta gaztetxo gehiagok» hartzen dutela ikusita; «inportantea iruditzen zait».

Kontuak kontu, berak bere lana maite du, eta hori agerikoa da bere hitzetan: «Ez dakizu inoiz zer harrapatuko duzun lanean. Klase aunitzetako lanak egin behar izaten ditugu, batetik bertzera ibili... Lana hagitz polita da, aldakorra eta dinamikoa, eta hori da gehien gustatzen zaidana. Paper kontuak hor daude eta horrek ere denbora eta lan handia eskatzen du, gero eta gehiago gainera, baina lana, berez, aski atsegina da. Ikasteko eta hobetzeko etengabeko erronka da egunerokoa». Hala, animatzeko deia egin die gazteei: «Espezializatutako eskulana behar da eta animatu eta ikasi dezatela, etorkizuna izanen dutelako, eta noski, lanean disfrutatzeko aukera ere bai».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun