Kontatu duenez, «enpresa duela 50 urte attak sortu zuen. Atta obratan aritzen zen instalazioak egiten eta amak elektrizitateko produktuekin denda izaten zuen. Ikastolatik atera eta meriendatzera dendara joaten nintzen». Kable artean harat-honat ibiltzetik, lanera pasatu zen, aski gazterik: «12-13 urterekin, larunbatetan gurasoei dendan laguntzen hasi nintzen eta 14 urterekin, udan attarekin eta haren lankideekin lanean». 37 urte pasatu dira geroztik, eta hor segitzen du.
«Zerbitzu indartsua da obra batean hutsetik hasita bi lanak egitea; batetik, baimen kontuez arduratzen gara, eta bertzetik, obrako instalazioak egiten ditugu».
Aitaren lekukoa hartu zuenetik bera da enpresako arduraduna eta «denetariko instalazio elektrikoak» egiten dituztela esplikatu du: «etxebizitzetan eta industrian instalazioak, informatikako instalazioak, kotxeen kargagailuak, eguzki panelak, tximistorratzak...». Ez hori bakarrik, «ingeniaritza elektriko lanak, proiektu elektrikoak eta industriako buletinak» egiten dituzte: «Zerbitzu indartsua da obra batean hutsetik hasita bi lanak egitea; batetik, baimen kontuez arduratzen gara, eta bertzetik, obrako instalazioak egiten ditugu».
50 urte
50 urteko ibilbidean enpresa bere bidea egiten joan da: «Hasieran, herrian hasi ginen lanean, eta gure betiko bezeroek Ibardinen bentak ireki zituztenean, Ibardinen hasi ginen, handik Dantxarinera joan ginen, ondotik Luzaidera...». Bertzelako aldaketa batzuen lekuko ere izan da: «Lan egiteko manera, erremintak, Interneta... Urteotan aldaketa pila ikusi ditut. Orain dela urte aunitz ez zegoen Internetik eta instalazio jakin batzuk egiten genituen; orain, berriz, bertze mota bateko instalazioak egiten ditugu. Negozioetan, adibidez, lan egiteko manerak arrunt diferenteak dira. Dena informatikarekin eta Internetekin egiten da». Horri lotuta, «azken urteotan informatikako lan aunitz» egiten ari direla aipatu du, baita «publikoari irekitako tokietan ikuskatzeetarako proiektuak» ere.
«Orain dela 25 urte bukatu nituen unibertsitateko ikasketak eta geroztik ez naiz gelditu, beti ikastaroak egiten ari naiz».
Etorkizunari begira, erronka «Adimen Artifiziala eta Internet» izanen direla iruditzen zaio: «Azken urteotan Internet fuerte sartu da, eta hemendik aitzinera hagitzez gehiago izanen da». Hori erranda, Adimen Artifizialean eta robotikan paratu du arreta: «Lanpostu aunitz desagertzen ari dira, eta gero eta gehiagora joanen da. Adimen Artifizialaren eta roboten mundua urte guttitan sartuko da eta guk horren ikastaroak egin beharko ditugu. Hori programatzen, konektatzen, mantentze lanak egiten... ikasi beharko dugu. Hori izanen da hurrengo urteetako erronka». Hortaz, «beti egokitzen eta ikasten» ari direla erran du: «Instalazio berriak ateratzen dira merkatuan eta horiek muntatzen ikasi behar dugu. Orain dela 25 urte bukatu nituen unibertsitateko ikasketak eta geroztik ez naiz gelditu, beti ikastaroak egiten ari naiz. Zerbitzua emateko azken nobedadeak ikasi behar ditugu».
Gainerakoan, sektorea «ongi» ikusten du. Bateko eta bertzeko, ez dute lan faltarik. «Badugu lana eta izanen dugu, eta alde horretatik, kontent gaude». Gaineratu duenez, «batzuetan, ikasleak praktikak egitera etortzen dira eta denon artean lan guziak aitzinera ateratzen ditugu».
Langileak eta bezeroak
Gaur egun, lau langile dira: «Hamaika laguneko lantaldea izan dugu, baina Covid garaian kolpe handia hartu genuen. Gaur egun, laurekin ongi moldatzen gara». Bidenabar, lankideei eskerrak emateko probestu nahi izan du eta «atta hasi zenetik, enpresatik pasatu diren langile guziak» gogoan hartu ditu: «Eurei esker eta eurekin, enpresa goiti atera dugu eta eskerrak eman nahiko nizkieke». Guzien artean, bi lankideri egin die keinua: «Beñardo eta Jose Luis. Gaur egun, ez dira holako langileak harrapatzen. Normalean, bizpahiru urtez egoten dira, eta ondotik, bertze lan batzuk bilatzen dituzte. Beñardo eta Jose Luis, ordea, 35 urtez egon dira gurekin, enpresako pilareak izan dira, eta eskerrak eman nahiko nizkieke». Haiekin batera, Oihan anaiaz oroitu da: «Nirekin lanean ari da eta berari esker lana hagitzez errazagoa da».
Lankideez gain, bezeroak hartu ditu hizpide: «Eurei zerbitzua emateko merkatuko azken instalazioen esperoan egoten gara, ikastaroak egiten ditugu, ferietara joaten gara... Horri esker ere, enpresa goiti eraman dugu. Beraz, bezeroei ere, eskerrik asko». Eta gomendio bat emateko tartea ere hartu du: «Jendeak Adimen Artifizialari galdetzen dizkio gauzak, baina izenak dioen bezala, artifiziala da. Profesionalak gu gara, mundu honetan urte pila daramatzagu eta badakigu kasu bakoitzean zer den hoberena eta zer egin behar den. Hori da gure lana».
«Attak duela 50 urte sortu zuen Maritx enpresa eta geroztik ez da egun batean ere gelditu».
Aitak irekitako bideari segida ematea erabaki zuen, baina berak ere argi du bere bidea: «Atta orain dela 50 urte hasi zen eta geroztik enpresa ez da gelditu egun batean ere. Hori da sekretua; bezeroak zaintzea eta arreta eta zerbitzu ona ematea».