[IRITZIA] Baztan-Bidasoko autobus zerbitzu berriaren abiatze kaotikoa

Ttipi-Ttapa

Nafarroako Gobernuak atzo paratu zuen martxan Baztan-Bidasoko garraio zerbitzu berria. Zerbitzuak, ordea, ezinegona sortu du zenbait erabiltzaileren artean. Eukene Fuentetaja beratarrak egindako iritzi artikulua da horren adibide. 

Berako bizilagun gisa, nire eta lineako bertze hainbat erabiltzaileren ezinegona helarazi nahi dut martxan jarri berri duten Baztan-Bidasoko autobus zerbitzuaren harira. Beran eta Irunen hainbat geltoki kendu izanak kalte handia egiten digu, bertze garraiobide batzuekin —hala nola, Euskotrenekin— lotura egitea zailtzen baitigu. Nahiz eta maiztasun berriren bat gehitu duten, ordutegiak ez dituzte erabiltzaileen benetako beharretara egokitu.

Zerbitzua abiatu zen lehenbiziko egunean bertan, kexak nagusitu ziren. Hainbat gurasok beren seme-alabak autoz eraman behar izan zituzten Irungo ikastetxeetara, ordutegi berriak ez datozelako bat eskolako sarrera-orduekin. Atzo goizean txoferrek erran ziguten txartelak aplikazioaren bidez hartu behar zirela, baina aplikazioa ez zebilen. Azkenean funtzionatzen hasi zenean, nire harridurarako, 0,30 € kobratu zituzten «kudeaketa gastuengatik». Zer kudeaketa, orain arte bezala, erabiltzaileok geuk tramitatu eta ordaindu behar baditugu txartelak? Lehen gastu horiek ez zituzten kobratzen.

Egia da prezioak jaitsi direla aurreko zerbitzuarekin alderatuta —eta eskertzekoa da, nahiz eta gutxieneko eta gehieneko prezioak lizitazioan finkatuta zeuden—. Gainera, orain arte ibilbide beragatik prezio desberdina ordaintzen zen Burundesa edo Baztanesa autobusaren arabera, eta konpainia bera izanik ulertezina zen.

Horri guztiari gehitu behar zaio ia egunero linea hau erabiltzen dugunok bidaia-bonuak ditugula, eta bidaia bakoitzean aurrezpen handia dakarte, baina edozeinen harridurarako, ezin dira erabili. Atzo goizean ez zirudien txartelak ordaintzeko datafonoek, ezta bonu horiek erabiltzeko QR kodeen irakurgailuek ere funtzionatzen zutenik.

Gainera, gainean genituen aldaketa guztien inguruko informazioa hutsaren hurrengoa izan da: ez markesinetan, ez autobusetan, ezta txoferren bidez ere —Internetera bidaltzen gintuzten, mundu guztiak sareak kudeatzeko erraztasuna eduki beharko balu bezala—.

Egoera honen aitzinean, Berako bertze bi bizilagunekin batera, sinadurak biltzen hasi gara herrian eta autobusetan, gutxienez geltokien ezabaketa bertan behera utz dezaten eskatzeko. Nola jar daiteke martxan zerbitzu bat halako informazio faltarekin eta konpainiaren ordainketa-bideek nahiz aplikazioek funtzionatu gabe?

 

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun