Lurdes Iriondo Altzaten izan zenekoa gogoan, solasaldi musikatua izanen dute ortziralean Beran

Ttipi-Ttapa

Lurdes Iriondo, Xabier Leteren eta Mikel Laboaren artean, 1967ko abuztuaren 27an Berako Altzateko plazan.

2020an hasitako bideari jarraituz, aurten Uscaldunac garen ezquero ekimenaren barrenean solasaldi musikatua antolatu dute Berako Udaleko Kultur Batzordeak eta Bortzirietako Euskara Zerbitzuak. Aurten hizlaria Kike Diez de Ultzurrun izanen da, eta kantuan arituko dira Irati Odriozola eta Ainhoa Ansa. Ekitaldia azaroaren 27an izanen da, ortziralean 18:30ean, Beralandetan. 



Lurdes Iriondo Altzateko Plazan 1967an

Bada argazki bat behin baino gehiagotan ikusi izan dena: Altzateko plaza ageri da, eta erdian Lurdes Iriondo, gitarra eskuetan, solasean Mikel Laboarekin eta Xabier Leterekin.

1967ko abuztuaren 27koa da argazkia, Beran Euskal Besta egin zenekoa. Besta hori orduko Nafarroako Diputazioko Principe de Viana Erakundearen Euskararen Aldeko Sailak antolatu zuen. Egitarau zabala antolatu zuten, hala nola, Iruñeko Udaleko dantzariak, bertsolariak, Leitzako abesbatza… Egun hori probestu zuten, gainera, herriko haurrei aitzinetik egindako euskara azterketaren sariak emateko ere.

Zalantzarik gabe, orduan bertan eta gerora ere, oihartzun handiena izan zuen ekitaldia Ez Dok Amairu taldearen emanaldia izan zen, Iriondo, Laboa eta Leteren eskutik. 

Solasaldi musikatua 

1967ko Altzateko plazako argazki hori oinarri hartuta, Kike Diez de Ultzurrun iruindarrak Nafarroako Diputazioaren Euskararen Aldeko Sailak 1957-1962 bitartean garatu zituen ekimenen eta, bertzeak bertze, han eta hemen antolatu zen Euskal Bestaren berri emanen du.

Garai hartan Ez Dok Amairu kultur mugimendu hasi berria bogan zegoen eta, zalantzarik gabe, Berako 1967ko Euskal Bestaren egitarauko ekitaldi nagusia izanik, Diez de Ultzurrunek mugimendu honi buruzko zertzelada batzuk ere emanen ditu. 

Testuinguru hura hobeki ulertzeko eta hartaz gozatzeko, Iriondo, Lete eta Laboaren kantuak emanen dituzte Ainhoa Ansa eta Irati Odriozola kantariek solasaldia bertan.

'Uscaldunak garen ezquero' ekimenaren barne

Berako udal artxiboan gordetako 1882ko eskuizkribu baten aitzakian hasi ziren Uscaldunac garen ezquero deituriko ekimena antolatzen, eskuizkribuaren hasierako hiru hitzak izenburutzat hartuta. 

Dokumentu zahar hori Mikel Tabernak aurkitu zuen eta garrantzi handikoa da, orain arte aurkitu den euskarazko testu administratibo bakanetakoa baita. Horren edukiak eta gainerako xehetasunak ikertzen ibili ziren Ekaitz Santazilia eta Mikel Taberna, eta lehen hitzaldia haiek eskaini zuten, 2020an.

Geroztik, Uscaldunac garen ezquero izenburuaren pean eta Euskararen Nazioarteko Egunaren bueltan, urtero antolatzen dute gisa honetako kultur ekitaldiren bat Berako Udalak eta Bortzirietako Euskara Zerbitzuak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun