Hondakinen Prebentziorako Europako astea azaroaren 29ra arte Bortzirietan

Ttipi-Ttapa

Altzariak biziberritzeko ikastaroa, prebentzio kit-a, tuper konpostagarriak eta gehiago Bortzirietako Mankomunitatearen eskutik.

Gero eta honakin gehiago sortzen dugu eta hondakin horien konplexutasunak ez du hondakinen murrizketa prozesuetan laguntzen. Horregatik, herritarrei hondakinak murriztearen garrantziaz kontzientziatzeko eta sentsibilizatzeko helburuarekin, hainbat jarduerekin osatua den astea prestatu du Bortzirietako Mankomunitateak. Hondakinak bereiztea eta birziklatzea garrantzitsua dela azpimarratzeaz gain, ahalik eta hondakin gutxien sortzea da lehentasun nagusia.

Jarduera nagusiak: 

Ontziratu gabeko erosketa bultzatzea da jarduera nagusitako bat. Fruta eta barazkiez gain, zerealak, arroza, pasta eta lekaleak soltean erostea da mankomunitatearen helburua. Horretarako Berako Sustrai belar dendarekin eta Bidazi elkartearekin elkarlanean, sare-poltsa berrerabilgarriak banatuko dituzte produktu hauek soltean erosten dituzten herritarrei.

Erosketa saskian hondakinak murriztearen helburuarekin berriz, udan egindako kanpainan parte hartu eta erantzun beharreko galderei zuzen erantzun zuten herritarren artean prebentzio kitak zozkatuko dituzte.

Bertzalde, elikagaien xahuketan murrizketa lortzea da helburu. Eskaera egiten duten Bortzirietako Jatetxe guztiei tuper konpostagarriak banatuko dizkie mankomunitateak, bezeroei janaria etxera eramateko aukera ahalbidetzeko eta  hondakinak murrizteko.

Urrian, azaroan eta abenduan zehar altzariak zaharberritzeko ikastaroa eskaini du eta eskainiko du  Mankomunitateak Garbigunean. Altzari zahar edota xehatuei bigarren bizitza bat emateko helburua du ikastaroak. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun