Lesakako Arcelor Mittalen sinatu duten hitzarmena «onartezina» dela salatu du LABek

Ttipi-Ttapa

Lesakako Arcelor Mittal airetik ikusita. Argazkia: Ttipi-Ttapa.

LAB sindikatuaren hitzetan, UGT, ELA eta CCOO sindikatuek enpresako zuzendaritzarekin sinatu duten akordioa «eskualdeko langileentzat gibelera pausoa» izan da, eta «fabrikaren etorkizuna eta inguruko industria enpleguaren kalitatea kolokan jarri» ditu. ELAk lau ordezkari ditu Lesakako lantegian, UGTk hiru eta LABek eta CCOOk bana. 

«Botazio loteslea tranpa hutsa»

LABen irudiko, akordioan bildutakoak «larriak» dira. Bertzeak bertze, hitzarmena sinatzeko prozesua gaitzetsi du, eta «bozketa loteslea tranpa» izan dela ohartarazi du: «Hitzarmenaren negoziazioan sindikatuek negoziazio mahaian borrokatu eta ardura hartu beharrean, enpresak eta UGTk erreferendum lotesle bat antolatu zuten». Alegia, botazio horretan ateratzen zena zuzenean sinatuko zela erabaki zuten. «ELAk eta CCOOk inolako oztoporik paratu gabe, botazio eredu hori onartu zuten».

Botazioa «tranpa hutsa» izan da LABen ustez: «Egun batetik bertzera eta presaka antolatu zuten, langileei informazioa emateko, testua patxadaz aztertzeko eta zalantzak argitzeko asanblada irekirik egin gabe». LABek dio «helburua argia» zela: «murrizketak zituen hitzarmen bat agudo onartzea eta erabaki horren ardura langileen gain uztea, enpresaren presioaren eta beldurraren pean. Gainera, UGTk, ELAk eta CCOOk akordioa sinatu dute lantegian asanblada, greba edo mobilizazio bakar batera ere deitu gabe, multinazionalak Asturiasen adostutako testua Lesakako beharretara egokitu gabe hona ekarriz».

«Erretiro duinak eta lanpostu finkoak galtzea»

«Erretiro duinak eta lanpostu finkoak galduko» direla ohartarazi du LABek: «1963an jaiotako langileei ez zaie errelebo kontratua aplikatuko, kaleratze kolektibo (ERE) baten pareko baldintzak ezarriko baitzaizkie, fabrikaren etorkizuna bermatuko duen belaunaldi erreleborik bermatu gabe. Eta 1964an jaiotakoen etorkizuna, berriz, erabat airean gelditzen da, antolaketa aldaketa teknikoen menpe». LABen hitzetan, «tailerretan langileak falta direla begi bistakoa den arren, sinatzaileek uko egin diote kolektibo osoarentzako errelebo kontratuak eta lantegiak behar dituen lanpostu finko berriak bermatzeari. Are okerrago: Enpresak berez bermatu beharko lituzkeen gutxieneko neurri horiek truke-txanpon gisa erabili dituzte, hitzarmeneko bertze eskubide batzuk kentzeko».

«Eritzen den langilea ekonomikoki zigortzea»

«Lan erritmoak eta lan kargak hobetu edo prebentzioa indartu beharrean, langileen osasuna aldagai ekonomiko bihurtu» dutela ere salatu du LABek: «Hemendik aitzinera, langile bat urte naturalean laugarren aldiz gaixotasun arruntagatik bajan badago, soldataren osagarria kenduko diote». 

«Lana eta familia uztartzea zailtzea»

Lana eta familia uztartzeko «zailtasunak» ere gaitzetsi ditu LAB sindikatuak: «Bajak betetzeko, langileak instalazio batetik bertzera mugitzera behartzen dituen txanda sistema malgu bat eta atsedenaldietan derrigorrezko aldaketak ezarri dituzte. Neurri hauek eguneroko lana eta lantaldeen ongizatea hankaz goiti paratuko dituzte, eta eskualdeko familien kontziliazioa aunitz zailduko dute».

Hori ikusita, sindikatu abertzalearentzat «ulergaitza eta onartezina da fabrikako sindikatuek horrelako edukiak dituen hitzarmena sinatzea». Gehiago ere erran du: «Berriki Legasako AMDSren itxiera ikusita, kontrako noranzkoan borrokatu beharra» azpimarratu du, «lanpostuak eta baldintzak defendatuz eta langileria mobilizatuz».

LABek «lan baldintzak eta Lesakako lantegiaren etorkizuna defendatzen» segituko duela gaineratu du, «hori baita eskualde osoaren etorkizuna defendatzea». 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun