Bide beretik, bezeroekin harreman ona ziurtatzeko gakoa «goxotasuna eta hurbiltasuna adieraztea» dela iruditzen zaio. Hain zuzen, horixe dute helburu Mapfren euren eguneroko martxan.
Bortz bulego, hamahiru langile
«Aseguruak, inbertsio, pentsio eta aurrezki produktuak…». Zerbitzu horiek eskaintzen ditu Mapfrek eskualdean. Bortz bulego dira denetara: Beran, Donezteben, Elizondon, Leitzan eta Lesakan. Bereauk esplikatu duenez, «enpresa autonomoak gara, eta Mapfre entitateko aseguruak eta produktuak saltzen ditugu».
Berakoa izan zen ateak ireki zituen lehenbizikoa, baina denak ere ibilbide luzekoak dira: «Beran, 1960 aldera, Doroteo Legia bere etxean aseguruak saltzen hasi zen. Elizondoko, Doneztebeko, Leitzako eta Lesakako bulegoek, berriz, duela 40 bat urte ireki zituzten». Hortxe segitzen dute geroztik eta gaur den egunean, bortz bulego horietan hamahiru langile dira.
«Gehien kontratatzen diren aseguruak ibilgailuenak dira, hain zuzen, aseguru mota horiek derrigorrezkoak direlako»
Batzuetan eta bertzeetan, aseguruen eskaintza zabala dute: «Autoak, motoak, kamioiak, traktoreak, etxeak, komunitateak, komertzioak, enpresak, osasuna, bizitza, istripuak, erantzukizun zibila, obra eraikuntza...». Klase horietako aseguruak eta gehiago dituzte aukeran, baina argitu duenez, «gehien kontratatzen diren aseguruak ibilgailuenak dira, hain zuzen, aseguru mota horiek derrigorrezkoak direlako».
Ezjakintasuna
Aseguruen munduan «ezagutza falta nabarmena» sumatua du Bereauk, eta hala, «bezeroen artean zalantza aunitz» izaten direla kontatu du: «Ez dira egunerokoan gertatzen diren egoerak, eta horrek ezjakintasuna handiagoa izatea dakar».
Urteekin jendearen kezkak aldatu direla ere gehitu du eta bereziki «Interneten eragina nabaria» izan dela aitortu du, «jendeak informazioa eskurago duelako. Teknologiaren aitzinamenduaren ondorioz, hau da, Internet, Whatsapp, e-mailak… tarteko, lanerako arintasun eta erraztasun handia dugu. Konparazio batera, bezeroak informazio guzia e-mailez eskatzen ahal du, guk gisa berean informazio guzia bidali eta adostasunera ailegatuz gero, kontratazioa e-mailez sinatzen ahal dugu, bulegora hurbildu gabe».
Merkatuan lehia
Gainerakoan, aseguruen munduan «izugarrizko konpetentzia» dagoela onartu du Bereauk: «Aseguruak saltzen aritzen garen entitate pila bat gara. Eta gainera, Internetek eskaintzen duen irisgarritasunari esker, erabiltzaileek produktuen eskaintza zabalerako sarbidea dute».
«Bakoitzaren beharren araberako asegurua bilatzea komeni da»
Etorkizunera begira jarrita, berriz, erronka nagusia «berotze globala» dela iruditzen zaio: «Hondamendi naturalen ondorioz izaten diren ezbeharrak goiti doaz; sumendiak, suteak, uholdeak, lurrikarak… Horrek erakusten digu horrelako ezbeharren ondorioz, aseguru ona behar dugula».
Hortik aparte, jendeari «bakoitzaren beharren araberako asegurua bilatzeko» aholkatu dio. «Adibidez, bizitza poliza batean, bizitza pertsonalaren arabera, norberaren beharrak kontuan hartu behar dira».
Zalantza edozein dela ere, ateak irekiak dituztela oroitarazi du: «Etorri gure bulegoetara beldurrik gabe». Gehiago ere bai; Bereauren ustez, «zalantzak argitzeko» biderik hoberena, «bulegora hurbiltzea da».