Etxebizitza

«Toki iritsezinetan lan egiteko aukera ona ematen dute plataformek»

Ttipi-Ttapa

Martxel Arribillaga Indaburu.

Martxel ARRIBILLAGA INDABURU, Indarri eta Bidasoa Plataformak.

Bizitza profesionala kirolaren eskutik hasi bazuen ere, «lana eta kirola betitik bateratu» dituela dio Martxel Arribillaga Indaburuk. Gaur egun frigorista industriala da, eta Indarri zein Bidasoa Plataformak enpresen zuzendaria. Indarrin 16 urterekin hasi zen aitarekin lanean: «berak eta lankideek erakutsi zidaten klimatizazioaren eta hotz industrialaren artea». 17 urte pasatu dira geroztik, «eta ilusio handiarekin segitzen dut».

Altueran egiten diren lanak

Duela lau urte abiatu zuen Bidasoa Plataformak. Azaldu duenez, «bi jasogailu erosi genituen Indarriko taldeak egiten zituen obretan erabiltzeko, eta berehala gure inguruko enpresa eta lagun batzuk makinak uzteko eskatzen hasi ziren. Hor konturatu nintzen zerbitzu bat gehiago ematen ahalko genuela, eta modu horretan makina mota gehiago erosten ahalko genituela. Makina gehiagorekin, zerbitzua hobea eskaintzeaz gain, Indarrik ere ahalmen eta segurtasun handiagoa izanen luke lanak egiterakoan».

Altuerako lanak egiteko jasogailu eskaintza zabala dute eskuragarri: «kamionetak, guraize makinak, besoak… bakoitzetik altuera desberdinekoak eta elektrikoak, gasoliozkoak zein hibridoak». Izan ere, «makina batek ez du lan guzietarako balio, baina lan bakoitzerako makina apropos bat dago. Hori dela eta, aukera gero eta zabalagoa dugu gure parkean». Lan gehien enpresekin egiten badute ere, «zerbitzua partikularrei ere ematen diegu».

Plataformak erabiltzeko arrazoirik handiena «lantaldearen segurtasuna» dela dio. Gainera, «erosotasunez lan egiteak emaitza hobeak izaten ditu lana bukatzerako orduan, eta makina hauek toki iritsezinetan lan egiteko aukera ona ematen dute».

«Makina batek ez du lan guzietarako balio, baina lan bakoitzerako makina apropos bat dago»

Lan bakoitzak bere makina duenez, «barneko lanetarako plataforma elektrikoak erabiltzen dira gehien Gure  kasuan normalean fabriketan alokatzen ditugu». Kanpoan aritzeko, berriz, «gasoliozkoak» izaten dira nagusi. «Eta lan egin behar den tokiari begira, zarata edo emisiorik ez izateko, hibridoak ditugu». Gainera, «makinak gure kamioian garraiatzen dizkiogu bezeroari».

Etorkizunera begira, «helburu profesional bezala, lantaldearen ongizatea eta eskaintzen dugun zerbitzuen kalitatea dira lehentasunak. Horretarako, bai Indarri bai Bidasoa Plataformetan behar den bezala eguneratuak egotea da helburu nagusia».

Azkenik, «hartu duten bidea ez da erraxa, baina hagitz kontent nago. Eskerrak eman nahi diet taldeari eta laguntzen nauten pertsona guziei».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun