Nafarroako eta Euskal Herriko txapeldun izan dira Beti Gazteko sokatira talde mistoak

Ttipi-Ttapa

Beti Gazteko talde mistoak Nafarroako sokatira txapelketa irabazi zuen larunbatean Antsoainen. Txantrea bigarren izan zen eta Antsoain hirugarren.

Larunbatean Antsoainen jokatutako Nafarroako txapelketa irabazi zuen zortzikoteak eta igandean Euskal Herrikoa laukoteak

Joan den asteburuan bezala, asteburu honetan jokoan izan diren bi txapelak eskuratu ditu Lesakako Beti Gazteko sokatira taldeak. Alde batetik, Nafarroako sokatira txapelketa mistoa jokatu zen Antsoainen eta Beti Gazteko zortzikotea gailendu zen. Atsedenerako asti handiegirik gabe, igandean Antsoainen jokatu zen Euskal Herriko 4x4 sokatira txapelketa mistoa eta honetan ere Lesakako laukotea suertatu zen txapeldun.

Beti Gazteko zortzikotea tiratzen larunbatean Antsoainen.

Nafarroako txapelketa mistoan, 560 kiloko kategorian aritu ziren zortzinaka eta Beti Gazte izan zen eskualdeko ordezkari bakarra. Lana gogor egin behar izan zuten txapela janzteko. Txantrea izan zen bigarren eta Antsoain hirugarren. Beti Gazteko zortzikote txapeldunean Amaia Leiza, Ane Gurrutxaga, Beñat Ordoki, Iker Pikabea, Beñardo Iantzi, Naiara Otxoteko (Etxalar), Unai Gurrutxaga eta Maria Iantzi (Igantzi) aritu ziren tiran, Joxe Angel Mitxelena entrenatzaile zutela.

Beti Gazte txapeldun Nafarroako sokatira txapelketa mistoan.

Gisa honetara, Nafarroako hiru txapelen jabe egin da Beti Gazte.

 

Euskal Herriko 4x4 txapelketa mistoa ere Beti Gaztek irabazi

Atsedenerako tarte handirik gabe, Euskal Herriko 4x4 sokatira txapelketa ere asteburu honetan abiatu da. Hain zuzen, igande goizean jokatu zuten txapelketa mistoa Antsoainen, 280 kiloz beheitiko kategorian. Hemen ere Beti Gazteko laukotea izan zen txapeldun (Irantzu Goienetxe, Elena Zabala doneztebarra, Unai Gurrutxaga eta Ruben Pedrosa beratarra tiran, Joxe Angel Mitxelena entrenatzaile eta Unai Leiza laguntzaile). Lesakako taldearen ondotik, Ezpeletako Ñapurrakeko bi laukoteak igo ziren podiumera. Ondotik, Txantrea laugarren, Ibarra bosgarren, Antsoain A seigarren eta Antsoain B zazpigarren izan ziren.

Beti Gazteko laukotea tiran igandean Antsoainen.

Beti Gazteren ondotik, Ñapurrakeko bi laukote mistoak igo ziren podiumera.

Beti Gazte Euskal Herriko txapeldun 4x4 sokatira txapelketa mistoan.

Ondotik, azaroaren 21ean, emakumeen Euskal Herriko 4x4 sokatira txapelketa jokatuko dute Antsoainen eta azaroaren 28an, gizonezkoen Euskal Herriko 4x4 sokatira txapelketa Ezpeletan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun