Zorizko jokoak portaeran dependentzia sortzen duenean, horri ludopatia deitzen zaio; jokorako mendekotasuna da, azken batean, ludopatia. Ba, jokabide hori murrizteko edo saihesteko «jendartea sentsibilizatzea ezinbertzekoa» dela uste du Bortzirietako Gizarte Zerbitzuak, eta «inguruan dependentzia hori izan dezaketen lagunengan, familiakoengan edo herritarrengan arreta paratzeko» eskatu du.
Alde batetik, «zorizko jokoak, apustuak... modu errealean edo online» egiten ahal direla esplikatu du, «lagunartean edo bakarka» egiten ahal direla, eta «jokatzeko guttieneko adin muga aurreikusia bada ere, legea alde batera uzteko aukerak» daudela. Kontatu duenez, «sarritan isilean edo seinale aunitzik eman gabe garatzen ahal da dependentzia hau». Eta ondorioz, «familiarteko gatazkak, lagunengandik urruntzea, diruaren gestioarekin zailtasunak... areagotu» egiten direla aipatu du.
Baten bat halako egoeraren batean dagoela jakinez gero, laguntza eskatzeko erran du gizarte zerbitzuak: «Sumatu eta deus ez egiteak ez du egoera okertu bertzerik eginen. Oinarrizko gizarte zerbitzuetara (948 63 50 36), osasun etxera edo ikastetxera hurbiltzen ahal zara».
Bertzalde, gaiaren inguruan, gizarte zerbitzuen webgunean hainbat material zintzilikatu dituzte.