Nor da Izar Azkarraga? Aurkeztu zeure burua...
Harat eta honat kantari ibiltzen den neska ero bat naiz. Euskal kanta zaharren friki bat.
Zertan aritu zara azkeneko urteetan?
Baserritik lanera, lanetik baserrira... Noizean behin, bidaiatuz eta jende berria ezagutuz.
Zein dira zure afizioak?
Kantu bazkari eder bat, lagunekin elkartzea, kozinatzea, mendia...
Ze egiten duzu zure denbora librean?
Ahal dudan aldiro sukaldeko eltze artean dantzan ibiltzen naiz. Bazkariak denbora luzez sutan egon behar badu, kantu liburuxka hartu eta aspaldiko bertsoak eta kantak ikastea gustatzen zait.
Zein da zure ofizioa?
Herriko okindegian lan egiten dut, bizkotxo eta gozo artean.
Zein da zure egunerokoa okindegian?
Irin integralekin egindako ogi bereziak egiten ditugu, gurasoei laguntzera joaten naiz eta labea ogiz lepo dagoenean, nire gozoak egiteko denbora hartzen dut.
Okindegiko ze lan hartzen dituzu zure gain?
Azukrea duen guztiak nire firma du okindegian: euskal pastelak, jentil harriak, madalenak, mantekadoak... Denetarik egitea gustatzen zait. Merkatuez eta ogi berezien banaketaz ere ni arduratzen naiz.
Zein da produktu salduena?
Hemen nire teoria dut. Adinaren arabera. Haurrak esne opilekin erotzen dira, gazteen artean jentil harriak dira irabazle eta, adineko jendearen artean, euskal pastelak edo kokitoak dira irabazle.
Zein da Etxalarko txokorik bereziena zuretzat?
Herriko pertsonaje eta baserritar batzuk elkartu ohi gara Urtsumiatsako txabola batean. Txabola hori izanen zen niretzat toki berezia.
Zein da egin edo egiteko duzun ametsetako bidaia?
Duela urte pare bat egin nuen, etxeko Partner zaharra hartu, koltxoi bat barrenean bota eta txorizo parea zintzilik, ferry bat hartu genuen attak eta biok Irlandara joateko. Hamabi egun pasatu genituen Irlandan eta Eskozian barna bueltaka.
Artista bat gomendatzekotan:
Azken aldian, Xalbadorren bertsoak aunitz kantatzen ditut, beraz, Fernando Aire Xalbador da nire momentuko artista.