II. Astaluntan lehiaketako lehenbiziko asteko irabazleak Unai Iparragirre eta Maitane Altzuri izan dira

Ttipi-Ttapa

Arantzako Uskarantza euskara taldeak antolatuta, joan den astean hasi zuten Astaluntan lehiaketaren bigarren edizioa. 193 lagunek parte hartu dute Arantzako euskararekin jostetan aritzeko lehiaketaren lehenbiziko astean.

Galderak astelegunetan edo astaluntan bidaltzen ditu Uskarantza taldeak –hortik heldu da lehiaketaren izena–, eta asteburuan oparien zozketak egiten du: alde batetik, galdemodu guziak ongi erantzuten dituztenen artean, eta bertzetik, parte hartzen dutenen artean. Hain zuzen, atzo banatu zituzten joan den asteko sariak. 193 lagunek parte hartu zuten, eta galdera guziak ongi eta bakoitza bere egunean asmatu zituztenak hamabi lagun izan ziren. Horien artean zozketa eginda, Unai Iparragirre Oskotz izan zen saritua. Parte hartzaile guziak kontuan hartuta, berriz, zozketako irabazlea Maitane Altzuri Otxoteko izan zen. Biek Euskaraz bizi nahi dut mantala hartu zuten oparitzat.

Abenduaren 3ra arte segida izanen du Astaluntan lehiaketak. Herritarren batek oraindik parte hartu nahi badu 642 01 27 94 zenbakira edo uskarantza@gmail.com helbidera eskribitzen ahal du. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun