Antibiotikoak ongi erabiltzearen garrantziaz ohartarazteko hainbat aholku bildu ditu Lesakako Osasun Zentroak:
- Ez hartu sendagairik zure kabuz: «Medikuak badaki noiz hartu behar diren, zer antibiotiko hartu behar diren, zenbat denboran eta zer kantitatetan».
- Inoiz ez errezetarik gabe: «Ez joan farmaziara antibiotikoak errezetarik gabe lortzeko: zure medikuak aztertu behar du tratamendua».
- Ez utzi tratamendua zure kabuz: «Jarraibideak, orduak eta dosiak kontuan hartuta hartu behar dituzu antibiotikoak, eta tratamendua utzi gabe, nahiz eta hobera egin duzun».
- Beharrezkoak badira bakarrik: «Ez dira eraginkorrak hotzeriaren eta gripearen aurka».
- Zer eginen dut antibiotikoak sobera baditut?: «Ez gorde, ez eman bertze inori edo zure maskotari. Bota edo utzi edozein farmaziatako Sigre puntuan».
Hori guztia betez gero, «antibiotiko eraginkorrak eta horiekiko erresistenteak ez diren bakterioak» lortuko direla esplikatu du osasun zentroak. Izan ere, oroitarazi duenez, «behar ez denean hartzen badira, bakterioak erresistenteak bihurtzen dira, eta horien aurrean antibiotikoak eraginkortasuna galtzen ari dira».