Tasio Erkiziaren 'Herrigintzak merezi du' hartuko dute hizpide ortziralean Beran

Ttipi-Ttapa

Tasio Erkizia Almandoz lesakarra. 

Tasio Erkizia Almandozek aurten argitaratu duen liburua da Herrigintzak merezi du liburua, eta ortziralean, Berako Espidobaita elkartean aurkeztuko du. 

Aurpegi ezaguna da Tasio Erkizia Almandoz (Lesaka, 1943), ezker abertzaleko politikaria, irakaslea eta apez ohia. Lehenagotik bertze liburu batzuk idatzi izan ditu, Bizipenak eta hausnarketak (2016) eta Jan eta jabe (2021), eta Euskadi la renuncia del PSOE (1987) liburu kolektiboan ere parte hartu zuen. Bere azken lana da Herrigintzak merezi du liburua eta ortziralean, azaroaren 6an, Berako Espidobaitan izanen da, 19:00etan. 

Txalaparta argitaletxearen arabera, «Euskal Herriko herri mugimenduaren kartografia bat da liburu hau. Historia ezkutatu bat, egilearen hitzetan, gatazka baten adierazpen biolentoen gibelean interesatuki isildua, eta, halere, Euskal Herriaren azken hamarkadak ulertzeko ezinbertzekoa. Hemen biltzen dira, euskal lurraldeetako sen komunitarioari jarraiki, gizarte justuago baten alde herritarrek beraiek martxan paratutako hamaika esperientzia eta egitasmo». Hainbat esparru aipatzen ditu: euskalgintza, langile borroka, feminismoa, ekologismoa, kulturgintza, komunikazioa, jaien eremua, antimilitarismoa, elikadura burujabetza… «Arloz arlo antolaturiko herri mugimenduen berri ematen du egileak, horietako aunitzen partaide izandakoa bera ere, garaian garaiko testuinguru politiko eta sozialak lagunduta».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun