Egoera politikoa eta heldu diren hauteskundeak aztertzeko herri batzarra eginen du Berako EH Bilduk

Ttipi-Ttapa

Batzarra ortzegunean, azaroaren 5ean, izanen da, 18:00etan, Espidobaita elkartean. 

Saioak ordubete inguru iraunen duela aurreikusi dute, eta ezkerreko indar subiranistak herritar guztiak deitu ditu bertan parte hartzera, «heldu diren hilabeteetako bide orria komunitatearekin batera marrazteko».

Bilerak bi ardatz nagusi izanen dituela aitzindu dute. Lehenbiziko zatian, gaur egungo egoera politikoa hartuko dute hizpide, «testuinguru horrek dakartzan erronkak eta arriskuak mahai gainean paratuz eta hauteskunde estatalak bertan kokatuz».

Bigarren zatian, berriz, herri hauteskundeei begira jarriko dira. «Hitzordu garrantzitsu horren prestakuntzari ekiteko, herrian abiatuko den lan dinamika berria» aurkeztuko dute, «bai eta heldu diren aste eta hilabeteetan eginen diren lan saioen xehetasunak azaldu ere, herritarren parte hartzea eta elkarlana bultzatzeko helburuarekin».

Berako EH Bilduko kideek azpimarratu dute momentu politiko honek «pultsua hartzeko eta indarrak biltzeko» beharra duela, eta «funtsezkoa» dela bide hori herritarrekin batera egitea. Horregatik, beratarrei dei egin diete ortzeguneko saioan parte har dezaten, baita bukatutakoan eskainiko duten luntxean ere.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun