SANTU GUZTIEN EGUNA

«Loreak oparitzea keinu sinbolikoa da, omentzeko eta eskertzeko modua»

Duela hiru urte hartu zuen Andrea Elizalde Indaburuk Txirula loradendaren ardura.

Andrea ELIZALDE INDABURU TXIRULA LORADENDA

Duela hiru urte hartu zuen Andrea Elizalde Indaburuk Txirula loradendaren ardura: «Rakelek erretiroa hartu behar zuela jakin nuen eta herrian lan egiteko aukera probestuz, pausoa ematea erabaki nuen». Ilusioz hartu zuen proiektua eta ordura  arte inoiz loreekin lan egin izan ez bazuen ere, bazuen beharrezkoa den begirada artistikoa: «Interiorismo ikasketak eginak nituen, eskulanak betidanik gustatu izan zaizkit eta pixkanaka joan naiz ikasten». Santu Guztien Egunerako buru-belarri lanean ari da orain: «lan aldetik urteko sasoirik gogorrena izaten da. Irailean hasten naiz loreen eta landareen eskaera egiten eta urrian dena prest utzi behar izaten dut azaroaren 1erako».  

Bezeroen artean ohitura desberdinak izaten direla aipatu du: «batzuk aitzinetik egiten dituzte eskaerak, baina azken orduan ere jende aunitz etortzen da. Gustuko dute dendara etorri, zer dagoen ikusi eta erostea». Azken urteetan joerak zertxobait aldatu direla aipatu du: «lehenago lore moztuen zentroak ematen ziren gehiago, baina orain geroz eta gehiago dira landareak eskatzen dituztenak, zaintzen badituzu gehiago irauten dutelako». Lore naturalez gain, plastikozko loreak ere baditu dendan, «horien eske ere etortzen da jendea». Lore sorta edo landareekin osatutako zentro bakoitzaren gibelean «uste baino aunitzez lan gehiago» dagoela azpimarratu du Elizaldek: «aukeratzen den lore edo landare bakoitzak bere funtzioa du». Urreliliak, larrosak, ziklamenak, gerberak... aukera zabala da, «garai batean, landare eta lore txuri-berdeak izaten ziren nagusi. Orain lore sortetan jendeak gehiago sartzen du kolorea eta landare zentroetan ere beti saiatzen gara elementu bereziren bat gehitzen». Aholkularitza lana ere egiten du: «batzuk, hagitz argi dute zer nahi duten eta urtero errepikatzen dute lore sorta edo konposizio berdina. Baina badira urtero aldatu nahi izaten dutenak ere». Emaitza ikusgarria izateko «irudimena» da gakoa eta bezeroen eskaera zein den ulertzea ere ezinbertzekoa da: «Lore jakin batzuk oroitzapen eta pertsona batzuekin lotzen ditugu, erranahi berezia izaten dute. Hori irudikatzen asmatzea da nire lana. Loreak oparitzea keinu sinbolikoa baita, omentzeko eta eskertzeko modua». 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun