Igandean 11:00etan hasiko da ekitaldia Nafarroan jende gehien hil zuten Argaitzeko harrobian
Gipuzkoan epaiz kanpo 537 pertsona hil zituztenez, Berako harrobian hil zituzten 130 pertsonak Gipuzkoan judizioz kanpo hil zituzten guztien laurden bat izanen lirateke. Judizioaz kanpoko exekuzio gehienak 1936ko irailean, urrian eta azaroan egin zituzen, Irun eta Donostia errekete eta frankisten esku erori ondotik. Bertze leku batzuetan ere egin zituzten judizioz kanpoko exekuzioak: Hernanin (190 inguru, hilerrian eta Galarreta inguruan), Oiartzunen (ehun inguru, hilerrian eta Artikutzako errepidean) eta Orio eta Zumaia arteko errepidean.
Mikelarenaren erranetan, «ez dakigu Beran garbitutako gehienen izenak. Udal artxiboan eta herriko bake epaitegiko artxiboan ez dago horri buruzko dokumenturik. Bertzalde, Aranzadik 2013an egindako deshobiratzean hildako zazpi pertsonaren gorpuzkiak bakarrik berreskuratu zituen. Motiboa: Berako jendearen hilobiak eraiki izana hobi komunaren gainean».
Nolanahi ere, Nafarroan Berako harrobia izanen litzateke jende gehien hilko zuketen tokia. Horregatik, Nafarroako Gobernuak erabaki zuen 2019an Argaitzeko Harrobia (Bera) Nafarroako Memoria Historikoaren Leku izendatzea.
Erantzuleei dagokienez, «erran behar da aste horietan José María Arellano Corellako falangista Gipuzkoako gobernadore zibila izan zela. Ramiro Llamas Del Toro infanteriako komandantearen papera ere azpimarratu da, Donostiako Plazako epaile berezia zelakoz. Agustin Prado Fraile falangista ere izendatu dute, epaitegi horretako idazkaria. Lucio Arrieta falangista iruindarraren izena aipatu behar da ere, orduan, Falangearen Gipuzkoako burua izan zelako».
Hainbat lekukotasunen arabera, hilketa estrajudizialen egileak erreketeak eta falangistak izan ziren. Baroja familiako hainbat kidek Berako harrobiko fusilamenduen testigantzak eman zituzten. Santos Etxeberria ere bai, Berako Fundizio Fabrikako langile bat, Jose Miguel de Barandiaranek elkarrizketa bat egin ziona. «Denek aipatzen dute fusilamenduak 1936ko udazkenean izan zirela –dio Berako historialariak–, Irun eta Donostia hartu ondotik, piketeak eta biktimak gauez kamioietan iritsi zirenean, Berako alkatea exekuzioetan egon zenean, herriko bizilagunek, behartuek, ehorzketa lanetan parte hartu zutenean, etab… Historialari batek aipatu du Meliton Manzanasek Nicolas Guerendiain Irungo alkate errepublikarra exekutatu zuela bertan».
Ricardo Baroja eta Isidoro Fagoaga
Ricardo Barojaren bi koadro ere badaude fusilamendu hauei buruz. Bertzalde, Isidoro Fagoaga tenore ospetsua, aste haietan harrobitik gertu zegoen etxebizitza batean bizi izan zena, fundizio-fabrikaren aurrean, nerbio-krisi bat izan zuen fusilamenduak entzutean. «Erran beharra dago, baita ere, Euskal Informazio Zerbitzuak kontatu zuela kontrabandista beratarrek fusilamendu-simulazioak jasan zituztela Berako harrobian 1938ko abenduan. Hilabete horretan izan zen kontrabandisten sarekada izugarri bat eta Bera, Zugarramurdi eta Baztango kontrabandista pilo bat preso hartu zituzten», aipatu digu Mikelarenak.