Beste hiru lehengusu ere aritu izan dira rallyetan. Beraiekin igoerak eta auto-krosak ikustera joaten nintzen eta poliki-poliki mundu hau ezagutzen joan nintzen».
2016an, ikusle izatetik parte hartzaile izatera pasatu zen. Kopilotu atera zen, eta hasiera «kuriosoa» izan zuela dio: «Nire debuta Mitsubishi Evo batean egin nuen, baina bolantea eskuineko aldean zuen. Berezia izan zen». Handik bi urtetara, bolantea probatzea erabaki zuen, eta pilotu segitu zuen ondoko urteetan: «Batez ere, lur gaineko modalitatean zentratu nintzen, nahiz eta asfalto gaineko lasterketaren batean ere parte hartu izan dudan». Azken bi urteotan, berriz, kopilotu dabil.
Alde batean edo bertzean, kontatzeko «milaka eta milaka anekdota» dituela erran du, «ia lasterketa guzietan anekdotaren bat izaten baitugu». Baina bat aukeratzekotan, 2018an, Alberto Marcosekin kopilotu zela, Focus Kopa Txapelketan, Los Arcoseko lasterketan gertatutakoa aipatu du: «Goizeko zatietan autoaren martxak huts egiten hasi ziren, eta goiza bukatzerako hirugarren martxa ezin genuen sartu. Goizeko lana hala moduz bukatu genuen. Kaleko beste auto bat genuen, eta lasterketako autoari kaxa aldatzea erabaki genuen, eta harekin joan ginen arratsaldean. Egun guztiko tentsio eta lanaren ondotik, gure mailan irabaztea lortu genuen! Esfortzuak merezi izan zuen!».
Kopilotuaren eta pilotuaren aldeak probatuta, «ezberdinak» direla baieztatu du: «Kopilotuek izugarrizko ardura dute, gidariari bidearen inguruko ohar guziak eman behar dizkiote, eta horrez gain, denbora kontrolatu, lasterketaren inguruko informazio guzia eduki... Ondoan jarrita doala ikusten da, baina lan asko egin behar ditu, baita psikologo lanak ere. Pilotuak, berriz, lasterketa aurretiko prestaketa eta mantentze lanak egin behar ditu, normalean, autoa berea izaten baita. Eta lasterketa egunean, ahalik eta azkarren pasatzea izan ohi da bere lana, eta horrek ere badu bere konplikazioa». Denaren gainetik, «elkarren artean konfiantza izatea eta momentu bakoitzean batak besteari behar duena ematea» da sekretua bere irudiko.
«Poliki-poliki egoera aldatzen da. Pilotu, kopilotu, zuzendari, antolatzaile... emakumeen artean orain dela urte batzuk ikusten ez genituen figurak gaur egun ikusten dira»
Berdintasuna
Automobilismoan emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari ere erreparatu dio, eta «poliki-poliki egoera aldatzen» ari dela, eta «pilotu, kopilotu, zuzendari, antolatzaile... emakumeen artean orain dela urte batzuk ikusten ez genituen figurak gaur egun ikusten direla» aipatu du. Bide beretik, Emakumeak Automobilismoan Taldea «oso ekimen interesgarria eta beharrezkoa» delakoan da; «automobilismoan emakumeen presentzia eta ikusgarritasuna handitzeko sortutako espazio bat izatea positiboa da». Gehiago ere bai: «Taldean aritzea eta elkartzea oso garrantzitsua da, ez bakarrik esperientziak eta ezagutzak partekatzeko, baita elkarri laguntzeko, motibatzeko eta bidea elkarrekin egiteko ere».
Horri lotuta, mundu hau gustuko duten emakumezkoei «probatzera ausartzeko» deia egin die: «Ez pentsa neska izateagatik traba gehiago izango dituzunik; zure pasioa eta gogoa dira garrantzitsuenak. Hasieran zaila izan daiteke, baina hurbildu, galdetu, aholkuak eskatu, ikasi eta gozatu!».
Arriskuaren gaia ere mahaian gainean paratu du, eta kritiko mintzatu da: «Kirol guziek dute arriskua. Futbolean hanka hausten ahal duzu, txirrindularitzan eroriko bat... Pena da automobilismoak irudi negatiboa izatea, eta komunikabideek hori areagotzen dutela uste dut». Bere ustez, «garrantzitsuena, edozein kirol dela ere, gustukoa duguna egitea da».
Labur-labur
|
