Automobilismoa

«Tarteka istripuak izaten dira baina segurtasun neurri aunitz izaten ditugu»

Ttipi-Ttapa

2019an debutatu zuenetik, lasterketa zerrenda luzea du Haizea Txoperena lesakarrak.

Haizea TXOPERENA CONDE, Lesakako kopilotua.

«Etxean ez dut autoetan ibiltzen den inor izan, baina anaia moto-krosean ibiltzen zen, eta beti gustatu izan zaizkit motoak eta kotxeak». Horixe izan zen motorraren munduarekin Haizea Txoperena Condek (Lesaka, 1997) izan zuen lehenbiziko harremana.

Orduko bikotekidearekin zirkuituetara joaten hasi zenean, gehiago hurbildu zen automobilismora, eta hark autoa erosi eta probatan parte hartzen hasi zenean egiazko afizio bihurtu zen. «Lehengo bikotekideak berarekin kopilotu atera nahi nuen galdetu zidan, eta ez nuen dudatu». Hala hasi zen rallyetan. Lesakako Rallysprintean egin zuen debuta, 2019an. 

Orduko «oroitzapen onak» ditu eta «sentitutako babesa» ere bihotzean gelditua du: «Lehenbiziko lasterketa egiteko, nahita aukeratu genuen Lesaka, banekielako zerbait gaizki egiten banuen, pilotuak ezaguna zuela. Hala ere, serio hartu nuen eta ongi prestatu nahi izan nuen. Aintzane Goñik oinarrizkoa esplikatu zidan, eta Xabi Anduezak ere aholkuak eman zizkidan. Laguntza eta babesa sentitu nuen eta lasterketa hunkigarria izan zen»

Geroztik, probatik probara dabil, «esperientzia dutenengandik ikasiz». Hasiera hartan, pilotu berarekin bertze lauzpabortz lasterketetan atera zen, eta ondotik, «nire bidea hasi behar izan nuen. Ez da erraza, kopilotuak ez duelako kotxerik. Baina suertez, Irungo pilotu batek eskribitu zidan eta lasterketa pare batez berarekin atera nintzen». Maider Usandizagarekin egin zituen hurrengo bi probak: «Maiderrekin lur gainean debutatu nuen». Ez zen hor bukatu bere ibilbidea: «Iruñeko mutiko batek Nafarroako Rally Txapelketa egiteko deitu zidan, eta urte batez, lasterketa batzuk egin nituen. Gerora, Doneztebeko lagun batekin eta bertze pilotu batzuekin ibili izan naiz eta joan den urtean eta aurten bizkaitar batekin Euskal Herriko Rally Txapelketan; hortik aparte, lasterketa suelto batzuk». 

Lasterketa zerrenda luzea du; anekdotak, ordea, ez: «Ohikoak izaten dira koadernoa ez dakit non utzia, orrialde bat pasatua edo holakoak. Baina ni nahiko diziplinatua naiz, gauzak mila aldiz errepasatzen dituen horietakoa eta ez dut halakorik kontatzeko». Ohiturak, ordea, bai: «Beti top eta erloju igualak eraman behar izaten ditut, eta ingurukoek oparitutako zerbait: gurasoek oparitua, bikotekideak oparitua, lagun batena... Lasai joateko horiek behar ditut».

Gurasoak aipatu ditu. Eta rallyetan ibiltzea ez dutela «ez ongi, ez gaizki hartua» aitortu du. «Amak hasieran gaizki pasatu zuen, baina urteekin onartu du. Ez attak, ez amak ez didate erraten ez ateratzeko, badakitelako eginen dudala, baina ez dira lasterketak ikustera joaten, ezta Lesakan ere. Beti kezkatuak egoten dira».  

«Ni, oraingoz, ez nago prest pilotu batek izaten ahal duen presio hori neure gain hartzeko»

Pilotu «oraingoz ez»

Egindako lasterketa guziak autoaren eskuin aldean egin ditu. Joan den urtean, ordea, «pilotu izateko aukera pasatu zitzaidan burutik. Banuen modua, baina ez nuen eman pausoa». Esplikatu duenez, «kopilotuen munduan emakumeok ez dugu presiorik, aunitz gara, bertze figura bat da eta ez da hainbertze baliabide behar. Diferentea da pilotu izatea, babes handia eta inguru ona behar dituzu, eta gainera, emakumea bazara kritikak aditzea tokatzen ahal zaizu. Lasterketa egunean luparekin begiratuko dute zure lana, eta 'bikotekidearen autoarekin erraz' bezalako komentarioak aditu behar, gainera. Ni, oraingoz, ez nago presio hori neure gain hartzeko prest». 

Historikoki maskulinoa izan den kirola «aunitz aldatzen» ari dela erran du: «Kirol honetan ez dago sexuaren araberako desberdintasunik. Kontzentrazioa eta diziplina behar dira, eta pilotu izateko, erresistentzia pixka bat. Orokorrean, ausardia kontua da. Halere, kopuru aldetik ez dago berdintasunik».

Istripuak

«Lasterketako araudia leitu eta inportanteena nire koadernora pasatu, rallya baino aste bat lehenagotik oharrak hartu, maparen bat prestatu, bideoak grabatu, lasterketako astean dena errepasatu eta zuzendu...». Hola prestatzen ditu probak. 

Ahalik eta hobekien prestatuta ere, tarteka, istripuak izaten direla aitortu du. Dioenez, «nik ez dut istripu handirik izan. Bigarren lasterketan, autoa irauli zitzaigun; bertze batean, bide bazterreko hesia jo genuen, bertze batean mendia, kolpearen ondorioz, hernia zerbikal bat dut.... Tarteka istripuak izaten dira, baina segurtasun neurri aunitz izaten ditugu». Aitortu du «kolpearen ondotik, hurrengo lasterketara errespetu pixka batekin joaten» dela, «baina bueno, mundu hau gustatzen zaigu...». Eta segitzekotan da: «Nire muga amatasuna izanen dela uste dut. Baina, oraingoz, segituko dut».

Kirol honen «gastu ekonomiko handiaz» ere mintzatu da, baina «batez ere, pilotuaren gain» gelditzen omen da: «Gurpil batek 300-400 euro balio ditu, izen emateak 200 bat euro....». Garbi du, «ez dago denentzat eskura». Horrekin lotuta, «lur gaineko lasterketak ekonomikoagoak» direla gehitu du. 

Modalitate batean edo bertzean, probatu nahi duenari «ikararik ez izateko» erran die: «Ongietorriak dira. Nahi badute, lasai ederrean guregana jo dezatela eta animatu daitezela. Uste baino errazagoa da».

Labur-labur
  • Lasterketa bat? Lesakako Rallysprinta eta Alfoz de Lloredo Rallya.
  • Auto bat? Beti probatu nahi izan dudana: porschea.
  • Kopilotu bat? Enni Mälkönen, munduko txapelketan dabilen emakume bakarra.
  • Pilotu bat? Michèle Mouton.
  • Bertze kirol bat? Mendia.
  • Amets bat?  Zapel bat irabaztea.

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun