Zer da butarria? Zer da ilupa? Artoa bereizterakoan zer gelditzen da? Zer egiten dute ardiek eta behiek umea galtzean? Nola da txorimaloa Arantzan?... Halako galdemodu azkarkiri kontestatuz, jostetan aritu ziren aranztarrak udaberrian egindako Astaluntan lehiaketan. Ba, erne, Uskarantza taldeak Arantzako euskararekin jostetan aritzeko lehiaketa antolatu baitu bigarren aldiz.
Izena emateko epea irekia
Lehiaketa azaroaren 2tik abenduaren 3ra izanen da, eta parte hartzeko azaroaren 1a baino lehen izena eman beharko da. Horretarako, izen-abizenak eta telefonoa uskarantza@gmail.com helbidera edo 642 01 27 94 telefonora bidali beharko dira.
Gainerakoan, aitzineko aldiko funtzionamendua izanen du. Izena ematen dutenei Whatsappez bidaliko dizkiete galderak astelegunetan edo astaluntan, eta astero galdemodu guziak zuzen kontestatzen dituztenen artean, sariak banatuko dituzte.
Bertzalde, adinaren arabera, bi talde eginen dituzte: 10 eta 14 urte bitartekoak eskolan ariko dira eta hortik goitikoak izena emanda.
Lehenbiziko edizioak izandako arrakasta errepikatzeko gogoz da Uskarantza. Aipatu behar da aldi hartan 175 aranztarrek parte hartu zutela, eta galdemodu horiek elkarrizketa aunitzetako solasbide izan zirela. Hala, aurten ere animatzeko deia egin du: «Gure euskarari balioa eman behar diogu. Segi dezagun elkarrekin jostetan eta solasean».
Kamisetak
Baserritarren Egunean mahaia paratzeko ideia du Uskarantzak eta orduan ere izanen da izena emateko modua. Ez hori bakarrik. Arantzan zer? Uskaraz leher? lelopean kamisetak ere prestatu ditu eta Baserritarren Egunean erosi eta eskatzen ahal izanen dira.