Euskal Herriko ingude altxatze txapelketak jokatu zituzten igandean Balmasedan (Bizkaia). Gizonezkoetan, hirugarren izan zen Aleix Pedrosa beratarra, 18 kiloko ingudea 79 aldiz altxatu eta gero, hau da, Nafarroako txapelketan baino bi gehiago. Aitzinetik izan zituen Unai Goitia txapelduna (88 altxaldi) eta Gorka Etxeberria (85 altxaldi).
Emakumezkoen txapelketan Sara Asenjok eta Elisabeth Michelle Chertudik 94na aldiz altxatu zuten hamar kiloko ingudea, baina arinagoa denez, Sara Asenjok jantzi zuen txapela. Nerea Egurrola izan zen hirugarren (91 altxaldi).
Aizkolari gazteak
Balmasedako jaialdi berean Euskal Herriko aizkolari gazteen txapelketa ere jokatu zen eta Olagueko Beñat Senosiain nagusitu zen, Jon Zalduaren eta Unai Valverderen aitzinetik.
Euskal Herriko aizkolari txapelketako finalistak
Euskal Herriko lehen mailako aizkolari txapelketako kanporaketa ere jokatu dute asteburu honetan, larunbatean Etxebarrian (Bizkaia). Honako seikoteak eskuratu du finalerako txartela: Iker Vicente, Julen Alberdi, Hodei Ezpeleta, Eneko Otaño, Arkaitz Etxebeste eta Ibai Soroa.