Urriaren 25ean eginen duten ospakizunean 85 eta 90 urteko bazkideak omenduko dituzte
Egitaraua eta omenduak
Urriko azken igandeko egitarauari dagokionez, 13:00etan Aurreskua dantzatu eta oroigarriak emanen zaizkie Alondegian aurten 85 eta 90 urte bete dituzten kideei. 85 urtekoak Juana Altzugarai Mitxelena, Encarnacion Legasa Etxeberria, Avelina Maia Juankorena eta Ramona Susperregi Otxoteko izanen dira eta 90 urtekoak, berriz, Alejandro Zubieta Tapia eta Francisca Agesta Larretxea. Beharbada denek ez dute agertzerik izanen.
14:00etan bazkaria izanen dute jubilatuen jatetxean. Menuan, foie-tosta ahuntz gaztarekin, ganbak baratxuriarekin, txanpinoiak plantan, kuia krema eta, aukeran, aratxe-azpizuna, legatza marinel-erara edo zapoa labean ogi-patatekin izanen dituzte, postrerako pasteltxo-sorta, dena ardo onduarekin, sagardoarekin eta garagardoarekin lagundua, kafea barne. Bazkalondoan dantzaldia eta txapelketetako sari banaketa eginen dute.