Lesakako Udalaren beka hartu duten lanak aurkeztu dituzte Olaia Urdangarinek eta Olaia Iantzik

Ttipi-Ttapa

Olaia Iantzi Etxarte eta Olaia Urdangarin Taberna bekadunak, Ladis Satrustegi alkatearekin.

Lesaka ikergai duten ikasketa bukaerako proiektuak edo lanak egiteko dirulaguntza eman du borzgarren urtez Lesakako Udalak. Asteazkenean egin zuten aurkezpena Eskol Ttikin. Joan den ikasturtean bezala, 2025-2026 ikasturterako bi izanen dira 500na euroko beka hartuko duten lanak: Olaia Iantzi Etxarteren Album ilustratu zis-heterosexista; Lesakako liburutegiaren azterketa kritikoa eta proposamen inklusiboa eta Olaia Urdangarin Tabernaren Lesakako Haur Hezkuntzako ikasleen pantailaren erabileraren azterketa eta esku hartze proposamena.

Ladis Satrustegi alkateak, joan den ikasturteko lan bekadunak aurkezteaz gain, aipatu zuenez, 2026-2027 ikasturtean ere beka emateko asmoa du Lesakako Udalak eta datozen hilabeteetan aterako da deialdia, «ikasketen mundua balioan jarri, lana garatzen lagundu eta herriarekin atxikimendu bat sortzeko» helburuarekin.

 

Olaia Urdangarinek, haurren pantailaren erabileraren azterketa eta esku hartze proposamena

Olaia Urdangarinek aipatu zuenez, «interes eta kezka pertsonal batetik» hartu du Haur Hezkuntzako ikasleen pantailaren erabilerari buruzko azterketa, Haur Hezkuntzako gradu bukaerako lanerako, «inguruan haur hagitz ttikiak mugikorra erabiltzen ikusten ditudalako, gurasoak afaltzen dauden bitartean. Badakigu teknologiak onurak ekartzen dituela, baina baita arrisku batzuk ere (emozioak ulertzeko gaitasun guttiago eta sozializazio prozesuan zailtasunak, isolamendua, harremanetarako denbora guttiago, haserreak…) eta hori dena ikertu nahi izan nuen». Urdangarinek erran zuenez, «batzuetan teknologia haurtzain digital bezala erabiltzen dute gurasoek, baita sari/zigor gisara eta horrek ez du onurarik ekartzen». Urdangarinen behaketak Irain eskolako eta Tantirumairu ikastolako bortz urteko 6 ikasleren, 20 gurasoren eta 2 irakasleren parte hartzea izan du. Ondorio nagusietako bat hau da: gurasoek (eta irakasleek) eredu izan behar dute eta haurrek ikusten duten hura ikasten dute. Azterketaren ondotik, Olaia Urdangarinen esku hartze proposamenak zenbait atal lantzen ditu: «alde batetik, ikastetxeei zuzendua, haurrak kontziente izatea teknologia ez dela beti izan den gauza bat eta gaurko errealitate horrekin konparatzeko, aitatxi-amatxiei ikastetxeetara eraman eta elkarrizketa egitea proposatzen dut; beraien jolasekin kuaderno bat sortu eta ikastetxetik etxera eramatea, gurasoekin partekatzeko; familientzako dekalogo bat ere sortu dut, hau lantzeko hamar pautekin; udaletxearentzat proposamenak: liburutegirako lau liburu, gai hau lantzeko ipuin kontalaria, haur ttikiendako prebentzio formakuntza, etxe barrenerako edo kanporako ‘Zazpi egun, zazpi erronka’ programa eta kuaderno ibiltaria.

 

Olaia Iantzik liburutegiko album ilustratuak aztertu eta inklusiboak bildu ditu gida batean

Olaia Iantzik, bere aldetik, Haur Hezkuntzako gradu amaierako lana aurkeztu zuen. Lesakako liburutegiko haur eta gazte literaturako 141 album ilustratu aztertu ditu, 2021-2025 artean euskaraz argitaratuak. «Zergatik album ilustratuak? Uste dugulako informazioa testuaren bidez eskuratzen dugula, baina irudiek ere informazio aunitz ematen digute, batzuetan testuak eta irudiak ez doaz batera». Albumak aztertu ondotik, ‘Irakurketa zisheterosexistekin apurtu! (IZA)’ txantilloia erabiliz, eta hiru dimentsio kontuan hartuz (hizkuntza, ilustrazioak eta pertsonaiak), album inklusiboekin gida liburuxka edo katalogo bat sortu du herritarrentzat, proposamen bezala, «genero ikuspegia, familia tradizionala, kolektibo guttituak, estereotipoak, diskriminazioak eta bertze zenbait arlo kontuan hartuta, iragazkia edo galbahea pasatuta, horietako 35 bildu ditut gidan, guziz “txuriak” izan daitezkeenak, arlo guzi horiek errespetatzen dituztenak».

Olaia Iantzi, berak prestatutako album inklusiboen gidarekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun