‘Organorako musika Nafarroan’ zikloko kontzertua izanen dute Lesakan urriaren 24an

Ttipi-Ttapa

Susana García Lastra organistak kontzertua emanen du larunbat arratsaldean Lesakako elizan.

Lesakako Roqués organo historikoa izaten ari da berriro udazken honetako kultur agendaren protagonista, Lesakako Roqués Organoaren Lagunen Elkarteak antolatutako hiru kontzertuko ziklo batekin eta Nafarroako Gobernuak antolatutako laugarren kontzertu batekin, Nafarroako Organorako Musika Zikloaren 42. edizioaren barrenean. Hain zuzen, Nafarroako Gobernuak antolatutako ziklo honetako kontzertuaren txanda izanen da urriaren 24an. Larunbatean, 19:30ean hasita, Susana Garcia Lastra organistak kontzertua emanen du Lesakako San Martin elizan.

Larunbatean 19:30ean hasiko da Susana Garcia Lastrak elizan eskainiko duen emanaldia

Susana García Lastrak, Sevillan bizi den organo jotzaile asturiarrak programa anitza aurkeztuko du, organoko ohiko programazioetan ohikoak ez diren obrez osatua. Esperientzia profesional handia du organo-ondarea interpretatzen, irakasten eta zabaltzen. Kontzerturako sarrera librea izanen da.

Nafarroako zortzi herritara ailegatuko da ziklo hau, eskualdean Lesakara bakarrik.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun