Víctor Masferrerek ‘Denboraren materia’ erakusketako gailuaren funtzionamendua azalduko du Lesakan

Ttipi-Ttapa

Lesakako liburutegian paratu duen instalazioaren inguruko azalpenak emanen ditu Masferrerek ortzegun arratsaldean.

Etxalarren bizi den Víctor Masferrer kataluniarraren Denboraren materia proiektua ikusgai dago Lesakako liburutegian urriaren 8tik 30era. Proiektu honek eskultura eta prozesu gailu bat proposatzen du, liburutegiko airea bildu eta poliki-poliki ur bihurtzen duena. Kondentsazio sistema baten bidez, espazioan dabilen eta arnasten den airea tanta moduan ikusgarri bihurtzen da, liburutegian emandako denbora partekatua materia ukigarri bihurtuz. Victor Masferrer berak azalpen ekitaldia eginen du urriaren 22an, ortzegunean 18:30ean.

Liburutegiko airea bildu eta ur bihurtzen duen gailua paratuko du urriaren 8tik 30era

Laburbilduz, bildutako ura tantaz tanta erortzen da inguruko errekako lohiarekin (Lesakan, Biurrana errekakoa) eta katalogotik kanpoko liburuekin egindako paperarekin egindako sistema baten gainean, eta lotura zuzena ezartzen du airearen, denboraren, ezagutzaren eta materiaren artean. Proiektuaren helburua ez da ura modu eraginkorrean ekoiztea, baizik eta prozesu motel, hauskor eta ireki bat hautematea, lekuaren erritmoa, bertan bizi diren pertsonak eta ura osatzen duten materialak harremanetan paratuko dituena. Vienako Unibertsitateko Institute or Materials Chemistry an Research (IMR) institutuarekin elkarlanean ari da Masferrer proiektu hau gauzatzen.

Nafarroako Liburutegi Publikoen sare osoan eginen du erakusketa, baina Lesakakoa da Nafarroa osoan lehena. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun