Etxalarko Usategietako Igandean bigarrenez izanen da Puro Relajo taldea

Ttipi-Ttapa

Usategietako Igandean, eguraldiak laguntzen badu, jendetza elkartzen da Lizarieta inguruan.

Larunbatean hasiko dira Etxalarko Gaztik taldeak antolatutako ekitaldiak, mus eta patata tortilla txapelketekin eta erromeria ere izanen da Olgetan taldearekin; Bestabusa ere ibiliko da.

Ohi bezala, Etxalarren urriko hirugarren asteburua bete betea dator. Etxalarko Gaztik taldearen eskutik, urriaren 17an, larunbatean 17:00etan, mus txapelketa jokatuko dute. Izen ematea 16:30etik aitzinera izanen da (bikoteko 10 euro). Eta 19:00etan patata tortilla txapelketa ere izanen dute. Izen ematea herriko Ostatuan egin behar da, urriaren 16ra arte. Afalondoan bingo musikatua izanen da eta gauerditik aitzinera Olgetan taldearekin erromeria. Bestabusa ere izanen da.

Urriaren 18an, berriz, Usategietako igandea egun handia ospatuko da. Eguraldi ederra eginez gero, goizean Altxata elkarteak talo postua jarriko du Lizarietan. Arratsaldean, Puro Relajo taldearen kontzertua izanen da, 19:00etan plazan eta ondotik zozketa erraldoiaren sari banaketa eginen dute. Sari bikainak daude: Egiguren Ugarte Upeltegian 2 lagunentzako bisita, afaria eta gaua; Arroka Berrin 2 lagunentzako otordua; Elgorriagako bainuetxean 2 lagunentzako zirkuitua; Lorpen lotea; eta Etxalar Escape Room bonua. Nahi duenak txartelak eskuragarri dauzka ostatuetan eta Kultur Etxean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun