Bihotzaren Munduko Federazioarekin bat eginez, gaixotasun kardiobaskularren inguruan kontzientziatzeko deia egin du Lesakako Osasun Zentroak. Mugitu zure bihotzaren alde ekimenarekin bat egin du eta gaixotasun kardiobaskularren abisu seinaleak eta sintomak ezagutzearen garrantzia azpimarratu nahi izan du.
Mundu osoan heriotza gehien eragiten duen arrazoia da arazo kardiobaskularra: «Gutti goiti-beheiti hiru lagunetik bat hiltzearen kausa da, bertze edozein gaixotasun baino heriotza gehiago eragiten ditu eta bazterrera uzten diren sintoma ugari dituzte». Bizitzak salbatzeko eragitearen beharraz aritu dira, eta horri lotuta, «bizimodu osasuntsua sustatu» nahi du osasun zentroak, «hala nola, kirola egitea eta elikadura egokia mantentzea funtsezkoa» dela nabarmendu.
Erreparatu abisu-seinaleei
Gaixotasun kardiobaskularren sintoma aunitz ez dira sumatzen berandu izan arte. Hala, «adina edozein dela ere, gaixotasun kardiobaskularrak edozein pertsonari eragiten ahal diola» ohartarazi du. «Jaiotzetiko kardiopatiek, emakumeen gaixotasun kardiobaskularrek eta kontrolatu gabeko hipertentsioak heriotza aunitz eragiten dituzte, abisu seinaleak ezagutzen ez direlako».
Babestu zure bihotza
«Gaixotasun kardiobaskular gehienak prebenitu daitezke». Hala adierazi du osasun zentroak. «Aldaketa ttiki eta jarraituak eginez, pertsonek nabarmen hobetu dezakete euren bihotzaren osasuna».
Prebenitu eta aldatu daitezkeen arrisku faktoreak:
- Hipertentsio arteriala: Presio altuak bihotza behartzen du indar handiagoz lan egitera eta arteriak higatzen ditu.
- Kolesterol altua: Odolean gantz gehiegi izateak arteriak estaltzen dituzten plakak sortzen ditu.
- Tabakoa: Erretzeak nabarmen biderkatzen du bihotzekoa edo kalte baskularra izateko arriskua.
- Odoleko azukre altuak kalte egiten die odol hodiei denborarekin.
- Obesitatea eta gehiegizko pisua: Gehiegizko pisuak presioa eta kolesterola areagotzen ditu.
- Sedentarismoa: Jarduera fisiko faltak ahuldu egiten du sistema kardiobaskularra.
- Estresa eta antsietatea: Eragin negatiboa dute osasun emozionalean eta zainen presioan.
Mugitu zure bihotzaren alde
Eta zer egin bihotza osasuntsu mantentzeko? Ba Lesakako Osasun Zentroak aholku hauek eman ditu: «oinez ibili, bizikletan ibili, dantza egin, elikadura osasuntsuagoa txertatu eta zure osasun etxean beharrezko kontrolak egin». Pauso bakoitzak «balio du» osasun zentroaren hitzetan eta «osasun kardiobaskular hobea lortzeko aldaketa ttikiak egiteko» deia egin du.