Proiektua eta obra zuzendaritza Mugara Arkitekturak eginen du eta lanak Dorrenea enpresari esleitu zaizkio 100.000 euro eskasetan
Proiektua eta obra zuzendaritza Mugara Arkitekturaren eskutik doaz. Orekanek (Nafarroako Ingurumen Kudeaketa) lizitatutako obren zenbatekoa 99.945,05 eurokoa da (BEZik gabe) eta Dorrenea enpresak egiten ditu lanak. Aipatutako La Rhun-E proiektuaren % 65 Europar Batasuneko FEDER funtsekin batera finantzatu da, Interreg VI-A Espainia-Frantzia-Andorra (POCTEFA 2021-2027) programaren bidez.
Eraikina testuinguru berezian dago, Larhun mendiaren gailurrak jasaten dituen baldintza klimatikoengatik. Horregatik, fatxadetako batek ere ez du zuzenean jasotzen hegoaldeko erradiazio beroa udan, ezta iparraldeko neguko esposizio hotza ere. Antzinako eraikinek energia eraginkortasunaren lehen ekintza gisa erabiltzen duten orientazioa da. Udalak bere gain hartu du paisaia ondarearen zati bat den eraikin bat birgaitzeko ardura.
«Ez da eraikin bat paisaiaren zati bat da»
Eraikina, beraz, bi arroka handiren artean dago, ziurrenik, ahal den neurrian, haize nagusietatik (mendebaldea eta hegoaldea) babesteko. Bolumen abstraktuak, harrizko materialtasunak eta estalkiaren horizontaltasunak zerumugan eta ingurunean mimetizatzen dute. Ez da eraikin bat, paisaiaren zati bat da, arroka bat gehiago.
Garinen Etxola aterpe gisa aurkezten da bi zentzutan. Larun mendiaren tontorrera igotzen diren mendizaleentzako babeslekua, alde batetik: biltzeko espazio bat, hitzaren zentzurik zaharrenean: sosegatua, misteriotsua, isila. Bertzetik, erresistentzia espazio bat, inguruko paisaiari denbora, geldotasuna, lasaitasuna eta barren-barrenetik begiratzea sustatzen duena. Eraikina beti egonen da irekia, une oro bisitatu ahal izanen da.
Harresiak bertako harriarekin eginen dira, eta horretarako, aterpearen inguruetan turistek pilatutako harria ere erabiliko da. Ekintza honen bidez, aldi berean, moda iragankor bati soilik erantzuten dioten harrizko pilak kendu nahi dira paisaiatik.
Erdiko gunera sarrerako atea zeharkatu bezain laster ailegatzen da. Iparralderantz, ipar-mendebaldeko fatxada laburrarekiko paraleloan, zola altxatzen da, eta plataforma bat sortzen da. Plataforma horretan, mendizaleek, lurraren hezetasunetik bereizita, esterilak eta lo-zakuak jarri ahal izanen dituzte gaua pasatzeko. Estalkiko lerroa bera eremu horretan jaitsi egiten da, bisitaria esertzera edo etzatera gonbidatuz, aterpe eta bilketa-sentsazioa eskainiz.
Hegoalderantz, aldiz, hormek lodiera hartzen dute, oinplanoan U forma duen banku bat sortuz, non mendizaleek zerbait jan eta suaren inguruan solas egin ahal izanen duten. Tximinia hormigoizko estalkiaren beheitiranzko luzapena da, eta ez du lurra ukitzen. Hegoaldeko eremua gainerako espazioarekiko pribatizatzen du, barreneko alde osoa lehen begiratuan ikustea eragozten duen objektu bat da.
Helburua da babes-beharrei erantzunen dien eraikin bat eraikitzea, mantentze lanik behar ez duena eta bandalismoari eusteko gai izanen dena, halakorik balego. Paisaia kontenplatzeko aukera ematen duten hutsuneek ez dute beirarik izanen.
Bao edo hutsune horiek barruko leihatila moduko bat izango dute, altzairu ilunez egina hori ere, barrenetik bao bakoitza hermetikoki itxi ahal izateko.
Garinen Etxolaren birgaitze-lan hau LA RHUN E proiektuaren helburuen barrenean dago. Mendigunearen ingurumen kalitatea hobetzea, haren balioa nabarmentzea, mugaz gaindiko gobernantza eta mugaren bi aldeetako zerbitzuak hobetzea da. Lekua hobeto babestuta egongo da. Proiektuan honako bazkide hauek parte hartzen dute: Pirinio Atlantikoetako Departamendu Kontseilua, Euskal Hirigune Elkargoa, Nafarroako Gobernua, OREKAN – Nafarroako Ingurumen Kudeaketa eta Urruña, Sara, Azkaine eta Berako Udalak.
Larhun mendi enblematikoa
Larhun mendi enblematikoa da, mugaz gaindiko espazio partekatuaren adibide ezin hobea: Nafarroa eta Ipar Euskal Herriaren artean, Sara, Azkaine, Urruña eta Bera udalerrien lurraldean dago.
Naturagune honek eragile guztien kudeaketa eta babes ikuspegi koordinatua eskatzen ditu.
Larhungo kaskoak erronka ugari ditu, hala nola pertsonen joan-etorria eta naturaguneen sailkapenean mugaren bi aldeetan dagoen asimetria.
Horrela, bada, 2018an Larhungo Poctefako pilotaje batzordearen esparruan sortutako egitura batetik abiatuta, proiektu honetako bazkideek erakusten dute aurrera egiten jarraitzeko borondatea dutela, eta, adostutako ekintzen bidez, eredu iraunkorrago baterako trantsizio-prozesu bat abian jartzekoa. Ingurumen, paisaia eta ondare-aktiboak babesteko, balioesteko eta errespetatzeko zaindu, prebenitu eta sentsibilizatzeko helburuz.
Eragileen borondateak mendiko lurraldearen kontserbazio erronkei erantzuten die, Montagne 64 Planean eta Nafarroako Gobernuaren "monumentu naturalak" zuzentarauaren barenean biltzen den bezala.