Kanpainak hiru osagai izanen ditu: Errezeta Solidarioa, bideo baten difusioa eta informaziorako diptikoen banaketa
Kanpainaren aurkezpenean aipatu dutenez, «neurozientziak frogatu du elkar-laguntzeak ongizatea sortzen duela. Hau da, bertze pertsona bati laguntzea, gure denbora eskaintzea, lagun egitea, entzutea edo baliagarri sentitzea ona da laguntza jasotzen duenarentzat, baina baita laguntza eskaintzen duenarentzat ere. Harremanak sortzen ditugu, bertze pertsonekin konektatzen gara, gure denborari zentzua ematen diogu eta komunitate bateko parte sentitzen gara».
Aldi berean, «gero eta gizarte indibidualistago batean bizi gara, eta aunitzetan gure inguruko eta gure antzeko jendearekin bakarrik izaten dugu harremana». Horregatik, gero eta beharrezkoagoak dira elkartzeko, elkar ezagutzeko, solastatzeko eta harremanak sortzeko guneak. Horixe da Elkarrizan: «elkargune bat, komunitatea egiteko gune bat».
2025ean 4.910 ordu boluntario lanetan
Bortzirietan urteak daramate boluntariotzaren bidez elkarri laguntzen. 2025ean, Elkarrizaneko boluntarioek 4.910 ordu eskaini zituzten Bortzirietan: etxean dauden pertsonei lagun egiten diete, egoitzetan ere bai, Jubilotekako garraioan parte hartzen dute eta gaztelania-eskoletan laguntza ematen dute. Lan hori guztia pertsonen denborari eta borondateari esker egiten da.
Orain, sare hori indartzen segitu nahi dute. Horregatik, urrian boluntariotza indartzeko kanpaina abian jarri dute. Kanpainak hiru osagai izanen ditu: Errezeta Solidarioa, bideoaren difusioa eta informazio-diptikoen banaketa.
Errezeta Solidarioa Osasun Etxeak eta Bortzirietako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak elkarlanean prestatu dugun ekimena da. Bideoa Bortzirietako bortz udalen WhatsApp bidezko informazio-kanalen bitartez zabalduko da, eta informazio-diptikoek Elkarrizan zer den, zer balio dituen, zer egiten duen eta parte hartzeko zer aukera dauden azalduko dute.
Material horiek ez dira egun batetik bertzera prestatu. Udaberrian hasi ziren lanean, udazkenerako dena prest izateko asmoz. Hilabete hauetan, hainbat pertsona eta eragilerekin elkarlanean aritu dira. Eta horixe ere bada kanpainaren parte: sarea egitea, aliantzak sortzea eta komunitatea egitea.
Errezeta Solidarioa eta Ikigai kontzeptua
Errezeta Solidarioa horren adibide garbia da. Osasunak ez du zerikusirik botikekin bakarrik. Batzuetan, pertsona batek konpainia behar du; bertze batzuetan, norbaitekin hitz egitea, etxetik ateratzea, lagun egitea edo bertze pertsonekin harremanetan jartzea. Horregatik, osasunaren arloan ere boluntariotzak eta komunitateak badute zer eskaini.
Eta hemen agertzen da Okinawa. Japoniako uharte hori mundu osoan ezaguna da bizitza luzeari eta ongizateari lotutako bere bizimoduagatik. Eta horren inguruan, ikigai kontzeptua aurkitzen dugu: bizitzari zentzua ematen dion hori; goizero jaikitzeko arrazoia.
Eta horrek galdera bat egitera eramaten gaitu: Eta gure bizitzako helburuetako bat bertzeei laguntzea balitz? Agian gure ikigaia ez da gauza handia izan behar. Agian norbaiti laguntzea da, norbaiti entzutea, lagun egitea, gure denbora eskaintzea, baliagarri sentitzea edo, bertzerik gabe, komunitate baten parte izatea.
Horregatik, IKIGAI BORTZIRIAK proposamenarekin, gure buruari galdera hori egitea nahi dugu: Zerk ematen dio zentzua nire bizitzari? Eta agian erantzunaren zati bat bertze pertsonengan aurkituko dugu.
Elkarrizanen boluntariotzak hori erakusten digu: boluntariotzak ez ditu pertsonak bakarrik laguntzen. Pertsonak elkartzen ditu, harremanak sortzen ditu eta komunitatea egiten du.
Horixe da Elkarrizan Bortzirietako Boluntario Sarearen helburua: sarea sortu, aliantzak sortu eta komunitatea egin.