Imanol Epelderen 'Zerbait sartu zait begian' bakarrizketa izanen dute urriaren 16an Etxalarren

Ttipi-Ttapa

Imanol Epelde zarauztarrak eskainiko du 'Zerbait sartu zait begian' bakarrizketa.

Udalbiltzaren Geuretik Sortuak ekimenaren baitan sortutako Zerbait sartu zait begian bakarrizketa eskainiko du Imanol Epelde zarauztarrak urriaren 16an, ortziralean 19:00etan Etxalarko Pello Apezetxea Kulturgunean. 

Ortziralean 19:00etan hasiko da emanaldia Pello Apezetxea Kulturgunean

Musika, hitza eta irudia nahasten dituen performance garaikidea da Epeldek aurkeztuko duena. Bizimoduaren abiadura, naturarekiko deskonexioa, zoriontasunaren bilaketa amaigabea, maskulinitatea eta euskara umorez nahasten ditu, publikoa hunkituz eta hausnarrera eramanez.

Epelde bakarrik izanen da oholtzan, baina Merina Griseko Julen Idigorasek sortutako musika ere izanen da, «umorez eta irmotasunez, garai hauek kantatzera eta kontatzera» datorren ikuskizunean. Iraia Elias eta Ainhoa Alberdi dira antzerki zuzendariak. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun