Berako emakumeen arrastoa ezagutzeko liburua, erakusketa, bisita antzeztua eta bertze ekimen batzuk antolatu ditu Mugerrik

Ttipi-Ttapa

Jon Abrilek ondu duen 'Berako emakumeen arrastoa' liburuaren barneko ilustrazio bat, Julia Artieda Vilak egina.

Berako emakumeek historian zehar egindako ekarpena eta pairatutako bazterkeria agerian uzteko Mugerri kultur elkarteak landu duen Berako emakumeen arrastoa proiektua gizarteratuko da hurrengo asteetan.

Urriaren 16 eta 17an dira lehenbiziko hitzorduak, izen bereko liburuaren eta erakusketaren aurkezpena ortziralean eta lehen bisita antzeztua larunbatean

Urriaren 16an, ortziralea, izanen da lehenbiziko hitzordua. Proiektuaren izen bera duten liburua eta erakusketa aurkeztuko ditu kultur etxeko erakusketa gelan eginen den ekitaldi batean, 19:00etan.

Liburuak 136 orrialde ditu, eta 27 ataletan Berako bertze horrenbertze emakumeren istorioak biltzen dira bertan, eta baita emakumeek Gerra Zibilean eta frankismoan, frantsestean, migrazio prozesuetan edota sorginkeria-prozesuetan bizitakoak ere. Bildutako biografietan, bertzeren artean, Ameriketara migratutako emakumeak, maistrak, dohaintza-emaile handiak, Nafarroan unibertsitate-ikasketak egin eta Euskal Herrian farmazian lizentziatutako lehenbiziko emakumea, idazleak, intelektualak, aktibistak, prostitutak, urkatutako emakumeak, emaginak, bentazainak edota nazien kontzentrazio-esparru batean hildako emakumearen istorioak harrapatuko ditu irakurleak. Testuak Jon Abril Olaetxeak eskribitu ditu, eta ilustrazioak Julia Artieda Vilak egin ditu. 

Liburuaren aurkezpenaren egun berean, erakusketa inauguratuko da kultur etxean, eta astelehenetik ortziralera ikusgai egonen da, arratsaldeko 17:00etatik 20:00etara, urriaren 16tik azaroaren 13a bitarte.

Bisita antzeztuak

Emakume hauen istorioak ezagutzeko bertze modu bat ere eskainiko du Mugerrik, bisita antzeztuen bidez. Emakume-talde batek gidatuta, Herriko Etxeko plazatik abiatuta, ordu eta erdi inguruko bisita antzeztu baten bidez pertsonaia hauetako batzuei ahotsa paratuko zaie. Bi bisita antolatu dira, lehenbizikoa urriaren 17an, larunbatarekin, arratsaldeko 18:00etan, eta bigarrena, berriz, azaroaren 8an, igandea, eguerdiko 12:00etan. Bisitak euskaraz eginen dira, debalde, eta Herriko Etxeko plazatik abiatuko dira.

Bertzelako materialak

Ikastetxeentzako erakusketarat bisitak antolatuko dira, eta propio eurentzako materiala sortu da lan-koaderno baten bidez liburuko edukiak ikasgelan landu ahal izateko. 

Gainera, euskarazko Wikipediarako artikulu sorta bat eskribitu da emakume hauen biografiekin, eta baita gaur egungo emakume batzuenak ere. Lan hau arrunt akabatu gabea dago, eta hurrengo hilabeteetan osatzeko asmoa du Mugerrik. Berako Udalaren webgunean ere (bera.eus) atal berezia izanen dute emakume hauen biografiek.

Proiektuarekin emakumeek egindako ekarpen soziala aitortu nahi da, ikusgarritasuna eman eta memoria kolektibo inklusibo bat sustatu. Berako Udalaren Kultur Batzordearen eta Nafarroako Gobernuaren Kultura Departamentuaren Sustraiak deialdiaren dirulaguntzekin finantzatu da osorik egitasmoa.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun