[ARGAZKIAK] 130 lagun bildu ditu Lesakako III. Kantu Zaharren Egunak

Ttipi-Ttapa

Lesakako III. Kantu Zaharren Eguna arrakastatsua izan da aurten ere. Lekuz aldatua zuten bazkaria, Koxkontatik Alondegiko arkupeetara, baina leku guttixeago izan arren, 130 bat lagunek bete zuten arkupea eta giro ederrean bazkaldu, kantatu eta bertsoak aditu zituzten.

Musika kontuetarako Beñat Mitxelena eta Frantzisko Santxotena zituzten (Jaliskok istripu ttiki bat izan zuen bezperan, baina mezu bak bidali zuen eta denek aditzeko modua izan zuten), eta hauekin batera, Etxahun Azkarraga aritu zen bertsotan eta Etxahun berak eta bere arreba Izarrek eta Niko eta Kemen Beloki aita-semeek ere kantu zaharrak abestu zituzten. Ezkurrako Miguelek ere bertso zaharrak kantatu zituen.

Aipatzekoa da herriko sei kantuzalek egiten dituztela antolaketa lan handienak: Ainhoa Pikabeak, Leire Arretxeak, Aitziber Maiak, Leire Iragorrik, Maider Goizuetak eta Jasone Susperregik. Aurten, Jasone Susperregik ez du lan hauetan aritzerik izan, baina lore-sorta bana oparitu zien bertze bortzei.

Zozketak ere egin zituzten eta ilunabarrean afari mokadu bat egin zuten. Gero, berriz, Frantzisko Santxotenak jo zuen musika goizeko ordu ttikiak arte, «aurten jendeak ez zuen gogorik mahaitik mugitzeko».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun