Energia berriztagarriak

«Eskaintzen dugun zerbitzua bezero bakoitzaren beharretara egokitzen dugu»

Ttipi-Ttapa

Joxema Iriarte eta Mikel Ibarra dira Tximistindarreko buruak eta Asier Andueza enpresako ingeniaria.

Joxema IRIARTE, Asier ANDUEZA eta Mikel IBARRA TXIMISTINDAR

1996. urtean sortu zuten Beran Tximistindar enpresa. Oinarrizko instalazio elektrikoak eginez hasi zuten ibilbidea, baina garai berrietara egokitzen jakin eta gaur egun, mota guztietako lanak egiten dituzte: «Instalazio elektrikoak, domotika, panel fotovoltaikoak, ibilgailu elektrikoen kargatze puntuen instalazioak, energiaren kudeaketa, dirulaguntzen tramitazioa...». Argi dute zein den xedea: «Kasu bakoitza aztertu eta bezeroei irtenbide seguruak eta eraginkorrak eskaintzea da asmoa».

Ez hori bakarrik, korapilatsuak izan daitezkeen prozeduretan laguntza ere eskaintzen diete: «Hasierako azterketatik hasi eta proiektua legeztatu eta dagozkion dirulaguntzak bideratu arte, prozesu guztian izanen dute gure laguntza». 

Lantalde egonkorra

Joxema Iriarte Zubieta beratarra eta Mikel Ibarra Ibarra sunbildarra dira Tximistindar enpresako bazkideak eta, beraiekin batera, beste bederatzi langilek osatzen dute lantaldea. Tartean da Asier Andueza Ostolaza ingeniari beratarra. Bulegoko lanaz arduratzen da Andueza eta berak egiten ditu beharrezkoak diren tramite guztiak: «azterketak, baimenak eta dagokion kasuan, baita dirulaguntza eskaerak ere». Elkarrekin, «zerbitzu osoa» eskaintzen diete bezeroei: «bakoitzaren beharretara hobekien egokitzen den proiektua diseinatu, instalazioa egin, martxan jarri eta paper kontu guztietaz arduratzen gara». 

Hurbileko tratuan jarri nahi izan dute azpimarra: «Prozesu guztian, eta gerora ere, berme guztiekin erantzunen dien norbait izanen dute beti bertze aldean».

Domotika

Hogeita hamar urteko ibilbidea du enpresak eta hasieratik eskaini izan dituzten zerbitzu batzuk mantendu badituzte ere, bide berriak lantzeko apustua egin dute: «merkatua aldatu da eta ezinbertzean egokitu beharra dago garai berrietara». Instalazio elektrikoak eta erreformak egin izan dituzte hasieratik eta horretan ari zirela ikusi zuten, geroz eta gehiago zirela «etxebizitza adimendunen alde» egiten zutenak. Eskaria bazegoela ikusita, beharrezko ezagutzak ikasi eta domotika zerbitzua eskaintzea erabaki zuten: «Instalazio domotikoak egiten ditugu etxebizitzetan eta industrian». Teknologia baliatuta, egunerokoan behin eta berriz egiten ditugun ekintzak «automatizatzen dira. Horrela, Interneteko konexioa duen edozein gailutatik kontrola ditzakegu etxebizitzako hainbat elementu: Argiak, pertsianak, klimatizazioa, segurtasuna...». Domotikari esker, «erosotasuna, energia aurreztea, segurtasuna eta irisgarritasuna» lortzen dira.

Energia berriztagarriak

Domotika ez da teknologia berrien bueltan txertatu duten berrikuntza bakarra: «Ikusi dugu gizartean badela kontzientzia aldaketa bat. Geroz eta gehiago dira energia berriztagarrien aldeko apustua egiten dutenak: panel fotovoltaikoak eta ibilgailu elektrikoak dira horren adibide argia». Beraiek duela urte batzuk hasi ziren etxebizitzetan panel fotovoltaikoak jartzen, baina eskaera dirulaguntzen menpe dagoela ikusi dute: «2021 eta 2022 artean, panel fotovoltaiko aunitz jarri genituen. Dirulaguntzak tarteko, eskaria handia izan zen. Laguntzak bukatu ahala, zertxobait jaitsi dela ikusi dugu». Ibilgailu elektrikoen bueltan, ordea, bertzelakoa da joera: «Geroz eta ibilgailu elektriko gehiago daudela ikusi dugu eta kargatzeko puntuak jartzeko geroz eta eskaera gehiago izaten ditugu. Hilabetean bizpahiru jartzen ditugu». Beraiek ere badute beraiena enpresan: «Hori defendatzen dugu eta saltzen duguna, guretzat ere nahi dugu».

Ibilgailu elektrikoaren erabilera ez da izan enpresa bezala egin duten apustu bakarra. Fenie Energiako kideak ere badira: «Argindar eta gasa merkaturatzen duten energia agenteak gara eta horrek gure energia kontsumoan burujabe izateko aukera ematen digu». Adibidea aipatu dute: «teilatuan jarrita ditugun panel fotovoltaikoak gure ibilgailu elektrikoarekin bat egiten dute. Hala, sortzen den soberakina gure ibilgailua kargatzeko erabil dezakegu, sarera bota ordez». Energia agente gisa, bezeroei ere eskaintzen diete zerbitzua: «fakturak eta kontsumoa aztertzen ditugu eta konponbiderik onenak eskaintzen dizkiegu. Bezeroek ez dute ohiko teleoperadore batekin hitz egiten; bere ordez, guk egiten dugu aholkulari lana». Emaitzan badago aldea: «gertuko tratua eta neurrira egindako tarifak eskaintzen dizkiegu».

Kontzientzia aldaketa

Bezeroen aldetik ere, kontzientzia aldaketa egon dela uste dute: «Garai batean argindar faktura ailegatzen zenean, ordaindu eta ez zen gehiegi aztertzen. Orain ikusten dugu badagoela jakin-mina. Jendeak zertan gastatzen duen jakin nahi du». 

Orain arte bezala, tximista bezain bizkor, begiak erne eta belarriak zorrotz izanen dituzte: «merkatuak zein joera hartuko duen ikusi eta eskaintza horretara bideratzeko. Bezeroen poltsikoari eta ingurumenari mesede eginen dioten irtenbideak eskaintzeko».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun