Lesakako haur txokoaren arduraduna kontratatzeko deialdia egin du aurten ere udalak

Ttipi-Ttapa

Lesakako haur txokoaren zerbitzua eskaini nahi du Lesakako Udalak azaroaren 3tik apirilaren 2ra eta langilea kontratatzeko deialdia egin du.

Lesakako Udalak komentuko gela ireki nahi du ikasturte honetan umeentzat, Haur Txoko 2026-2027 zerbitzua eskaintzeko. Horretaz arduratzeko, pertsona bat kontratatu nahi du, arratsaldez ireki eta ixteko, gelaren garbiketa egiteko, arauak errespetarazi eta aisialdiko jarduerak antolatzeko, haurren parte hartzea lehenetsiz. Eskaerak aurkezteko azken eguna urriaren 14a, heldu den asteazkena da (14:00 arte).

Eskaerak aurkezteko epea urriaren 14an bukatuko da

Aukeratzen den pertsonari kontratua 2026ko azaroaren 3tik 2027ko apirilaren 2ra eginen zaio eta astelehenetik ortziralera komentuko gela ireki eta itxi (16:00etatik 20:00etara), Haur Txokoa espazioko erabiltzaileen dinamizazioa; bukaeran, haur txokoaren proiektuaren memoria, gela garbi eta txukun mantendu, gela antolatu eta bildu eta eman dakizkiokeen bertzelako lanak egin beharko ditu, bertzeen artean, Hezkuntza Foroan noizbehinkako parte hartzea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun