Nafarroa Oinezera joateko autobusa antolatu du Labiaga Ikastolak

Ttipi-Ttapa

Bidean bat gara lelopean, urriaren 18an eginen da aurtengo Nafarroa Oinez. Zizur Nagusiak hartuko du Nafarroako ikastolen aldeko besta handia antolatzeko erronka, eta harat joateko autobusa antolatu du Berako Labiaga Ikastolak. 

Autobusa Beratik 08:30ean aterako da; 08:40ean Lesakako zubian eginen du geldialdia eta 09:00etan Mugairin. Bueltako autobusa, berriz, 18:30ean aterako da Zizur Nagusitik. 

Autobusean joan nahi dutenek txartelak Labiaga Ikastolaren Eztegarako eraikinean erosteko aukera izanen du, 08:30etik 13:00etara eta 14:45etik 16:45era. Urriaren 13a izanen da txartelak erosteko azken eguna. Txartel bakoitzeko 12 euro ordaindu beharko dira. 

'Bidean bat gara'

San Fermin eta Erentzun ikastolen arteko elkarlanaren emaitza izanen da aurtengo Nafarroa Oinez, eta Zizur Nagusia, Ardoi eta Galar artean izanen da ibilbidea eta egitaraua. Besta egun bat izatetik haratago, aurtengo Nafarroa Oinez «aldarrikapen egun masiboa» izatea nahi dute antolatzaileek, «Nafarroa osoan euskara ofiziala izan dadin eta euskaraz bizitzeko eskubidea aitor diezagutela ozen aldarrikatzeko eguna».

Bide horretan, ikastolek euskaldun eta euskaltzale guztiak gonbidatu dituzte Nafarroa Oinezera joan eta euskararen aldeko bidean bat egitera. «Euskararen kontrako oldarraldia ageriago den honetan, inoiz baino beharrezkoagoa da bat egitea». Hala, «euskaldunon eta euskaltzaleon komunitatearen indarra erakusteko eta hizkuntza eskubideen aldeko konpromisoa berresteko eguna» izanen dela iragarri dute. «Euskarak denok behar gaituelako», ikastolen mezua ez dute hezkuntza komunitatera bakarrik mugatu. «Kontua ez da zein arlotan ari garen edo nondik gatozen, nora goazen baizik. Eta ortzi muga argia da: euskararentzat etorkizun oparoa ereitea».

Egitaraua

Horrekin batera, adin guzietako herritarrentzako egitaraua prestatu dute. Jarduerak bezperan hasiko dira, urriaren 17an, Zizur Nagusian. Bertzeak bertze, apirilean hasitako pilota txapelketako finala, Kidan magoaren emanaldia eta Lilo eta Muxutruk taldeen kontzertuak antolatu dituzte. Gainera, birziklapen tailerrak, Mantangorri eta artisautza azoka izanen dira.

Urriaren 18an, berriz, kontzertuak, ikuskizunak, familientzako proposamenak, haurrentzako eskaintza eta gazteei zuzendutako ekimen bereziak prestatu dituzte. Musika eskaintzari dagokionez, bertzeak bertze, Mochila 21, Urtz, Trikidantz, Kantu Salda, Mugan, Demode Quartet, La Basu, Eztitan, X Sakara, Somak, Ortzadar, Atxa Jaunak eta Korrontzi ariko dira. Ttikienek, berriz, Makusiko protagonistez, Xaiborrez eta Go!azeneko kideez gozatzeko aukera izanen dute.

Gazteen artean egiten duten Erronka ekimenak ere ez du hutsik eginen. Eta horrez gain, aurten, lehenbiziko aldiz, Oinez gynkana familiarra antolatu dute, 6 eta 14 urte bitarteko haurrei eta haien familiei zuzendutako proposamena. «Euskararen bidez, leloa, logoa, kanta eta bi ikastolen arteko elkarlana ezagutaraztea izanen du helburu, misterioa, elkarlana eta boluntarioekiko interakzioa baliatuta».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun