Hasierako hitzaldian, Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko presidenteak Bidasoaren sinbolismoa eta Pikabeak «koloreekin eta argiarekin jolasean», ibai enblematiko baten inguruko «paisaia eta momentuz beteriko multzo inpresionista bat biltzeko duen gaitasuna» nabarmendu zituen. Ibai hori «bidegurutzea, kontrabandoko ibilbidea, turismo-lekua eta kontakizun tradizional eta mitologikoen protagonista izan da. Eskerrik asko gure ataria kolorez eta naturaz betetzeagatik», adierazi zuen.
Juan Carlos Pikabeak, bere aldetik, eskerrak eman zituen bere koadroak ordezkaritza-erakundearen bihotzeraino eraman ahal izateagatik, eta, Barojak zioen bezala, «udan zeharka-meharka doan eta neguan zezena balitz bezala orro egiten duen» ur-emari baten inguruan osatutako nahasketaren edukia azaldu du.
Pikabearen hitzetan, erakusketa «Bidasoak zeharkatzen dituen herrietatik Txingudiko badiaraino egindako ibilbidea da. Gipuzkoako, Bizkaiko eta Lapurdiko kostaldeetako paisaiak ere barne hartzen ditu. Artea ez da inspirazioa soilik, motibazioa ere bada, eta espazio honetan egon ahal izatea estimulu bat da», adierazi zuen.
Inaugurazio ekitaldia bukatu ondotik, parlamentariek bisita gidatua egin zuten Juan Carlos Pikabea beraren eskutik.
Ohi bezala, erakusketa berri hau Kultur Atrio programan kokatzen da, zeinaren bidez Parlamentuak 2016ko otsailaz geroztik bere ateak irekitzen baitizkie eta sostengua ematen baitie artelanezko eta dibulgaziozko adierazpen asko-askotarikoei.

Juan Carlos Pikabea
Juan Carlos Pikabea (Lesaka, 1964) 1980ko hamarkadan hasi zen jarduera artistikoarekin, baina lehen erakusketak 1992koak dira. Prestakuntza autodidakta izan zuen, eta, aldi berean aritu zen elektrizitateari buruzko ikasketak egiten Irunen, familiaren zerrategian lanean eta margotzeko zaletasunari tokia egiten.
Hainbat erakusketa kolektibotan parte hartu du Irunen, Iruñean eta Lesakan, bai eta Frantzian, Israelen, Italian edo Estatu Batuetan ere. Era berean, banakako erakusketak egin ditu Irunen, Madrilen, Bilbon, Donostian, Zaragozan eta Iruñean.