Lesakako oihanak klimaren aldaketara egokitzeko ikerketa eginen dute

Ttipi-Ttapa

Ladis Satrustegi Lesakako alkatea eta Orekaneko ordezkariak, hitzarmena sinatu ondotik.

Lesakako Udala eta Orekan-Gestón Ambiental de Navarra erakundeak lankidetza hitzarmena sinatu dute, klimaren aldaketak oihanetan duen eragina aztertzeko. Ladis Satrustegi alkateak eta Orekaneko Itziar Gomez kudeatzaile zuzendariak sinatutako hitzarmenaren bidez, hiru ikerketa lursail prestatuko dituzte Amargungo herri lurretan, guztira 3,75 hektareako eremua. Hor, hainbat zuhaitz espezie landatuko dituzte, klimaren aldaketara nola egokitzen diren aztertzeko.

Lesakako Udalak eta Orekanek sinatutako hitzarmenaren bidez, Amargungo herri lurretan 3,75 Hektareako eremua erabiliko da ikerketarako

Lesakako Udalak ikerketa honen garrantzia azpimarratu nahi du, etorkizuneko oihan berritzeak hobeki planifikatzeko eta klima aldaketak gure inguruko mendietan izan ditzakeen ondorioak ezagutzeko baliagarria izanen baita.

Ekimen hau Reinfforce2 eta Cooptree Europako proiektuen barrenean kokatzen da.

Orekaneko Itziar Gonez eta Ladis Satrustegi Lesakako alkatea, hitzarmena sinatu eta gero.

Ladis Satrustegi alkateak nabarmendu duenez, «ikerketa honek lagunduko digu ulertzen nola aurre egin behar diegun etorkizuneko landaketei eta zer eragin izan ditzakeen klimaren aldaketak gure oihanetan, ikuspuntu lokal eta pertsonalizatu batetik. In situ ikusi ahal izanen dugu nola eboluzionatzen duten landareek, eta horrek aukera emanen digu datozen urteetako errealitatera hobeki egokitzen diren politika publikoak ezartzeko».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun