25.300 zuhaitz landatuko dituzte eta 173.403 euroko inbertsioa eginen dute
Gurutze Gorriak zuhaizti berri horiek metatzen duten CO2aren finkapen-kuota, bere jardueraren ondoriozko isuriak konpentsatzeko erabiliko du, bertze bide batzuetatik saihestu ezin izan dituenak.
2021eko otsaileko suteak 384 hektarea kiskali zituen. Alkozpa lepoaren eta Manttale kaskoaren artean zuhaizti guztiak suntsitu ziren, batez ere koniferoak.
Egin gogo diren landaketak bi eremutan banatzen da, biak Lapurdiko mugatik hurbil Manttalen, Ibardingo bentetatik ez hagitz urrun.
Amezmendin, inguru horretara eramaten duen pistaren azpiko lurrak aukeratu dituzte; guztira, 6,08 hektarea. Pinudiak kaltetzen dituen gaitzarekin tolerantzia handia duen tadea pinua ez ezik, ametza, bertako haritza eta gereziondoa ere sartuko dute.
Zigorriagan, Amezmendin bezala, inguru horretako zati bat artzaintza estentsiborako erabiliko da, zaldi eta ardientzako hain zuzen ere. 12,89 hektarea tadea pinuekin landatzea aurreikusi dute.
25.300 zuhaitz eta 173.403 euroko inbertsioa
Guztira 25.300 zuhaitz landatuko dituzte eta horiei esker, CO2 xurgapena 14.000 tonatik goitikoa izatea espero dute. Landaketa honen inbertsioa, laguntza teknikoa barne, 173.403,69 eurokoa da eta lanak 2027ko martxoaren 15a baino lehen bukatu beharko dituzte. Proiektua Basartea aholkularitza enpresak prestatu du, eta Berako Udalak ordainduko du. Obra zuzendaritza Nafarroako Gobernuaren ardura izanen da, eta Gurutze Gorriak landaketa eta mantentze gastuak hartuko ditu bere gain.
Proiektu hau bukatzerakoan, 2022an hasita Gurutze Gorriak guztira 70 hektarea birlandatuak izanen ditu Nafarroako mendietan.
Oihan berritzeak mantentze plan bat du lehen bortz urteetan. Udan sasiak eta oteak moztuko dituzte, landare berriak salbatzeko. Eta hondatuta dauden zuhaixkak aldatuko dituzte, zuhaitz kopuruari eusteko. Epe luzeagora, kudeaketa plan batek behar diren sakabanatze eta garbiketak ere aurreikusia dute planaren barnean.
Herri lurra denez, landaketa hauen berreskuratzeak onura zuzena ekarriko dio herriari, artzaintza eta abeltzaintza erabilera tradizionalari eutsi bidenabar. Hurrengo 40 urtetan, mendiak herriari eman beharreko zerbitzuak pixkanaka berreskuratzea espero dute: paisaia eta ingurumen balioa, egur aprobetxamendutik etortzea espero den balio ekonomikoa eta abar.