Lesakako San Fermin erretiratuen elkarteak urriaren 25ean ospatuko du bere eguna, Lesakako Udalaren eta Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin antolatutako ospakizunean. Ohi bezala, 85 eta 90 urte bete dituzten bazkideak omendu, bazkaldu, dantzatu eta urte osoan jokatutako txapelketako irabazleei sariak emanen dizkiete igandean. Bazkarirako txartelak urriaren 15a arte eskura daitezke, 35 eurotan.
Egitaraua eta omenduak
Urriko azken igandeko egitarauari dagokionez, 13:00etan Aurreskua dantzatu eta oroigarriak emanen zaizkie Alondegian aurten 85 eta 90 urte bete dituzten kideei. 85 urtekoak Juana Altzugarai Mitxelena, Encarnacion Legasa Etxeberria, Avelina Maia Juankorena eta Ramona Susperregi Otxoteko izanen dira eta 90 urtekoak, berriz, Alejandro Zubieta Tapia eta Francisca Agesta Larretxea. Beharbada denek ez dute agertzerik izanen.
14:00etan bazkaria izanen dute jubilatuen jatetxean (txartelak 35 eurotan daude salgai eta urriaren 15a izanen da erosteko hondarreko eguna). Menuan, foie-tosta ahuntz gaztarekin, ganbak baratxuriarekin, txanpinoiak plantan, kuia krema eta, aukeran, aratxe-azpizuna, legatza marinel-erara edo zapoa labean ogi-patatekin izanen dituzte, postrerako pasteltxo-sorta, dena ardo onduarekin, sagardoarekin eta garagardoarekin lagundua, kafea barne. Bazkalondoan dantzaldia eta txapelketetako sari banaketa eginen dute.